Hiria gorroto dudanean
opresiboegia delako edo hilerria
ematen duelako
edo umore txarrean jaiki naizelako
ez dut epidemiarik
uholderik ez suterik eskatzen.
Landareetan jartzen dut nire
itxaropen sendoena.
Apurka-apurka kaleak hartuko dituztela pentsatzea
atsegin dut
eta guri ez zaigula men egitea baino
geratuko.
Zuhaitzak txoriz betetako
arrain-ontziak izango dira.
Eltxoak odol tanta hegalariak.
Lurra ukitu bezain laster lurrunduko gara seguruenik
baina bitartean barre egingo dugu
eta gaztainondoaren sustraiez eginiko giltzak
beharko dira
etxeetara sartu ahal izateko.
© Igor Estankona