GAUA ORAINDIK BATAILA IRABAZI BARIK
Txori-habiak sexu abegikorren antzera daude
abar artetik zafirozko sabaira begira.
Isilik esne epelez betetzen dira bularrak.
Urreak labain egiten du eguzkiarekin aurpegian.
Eguna gero eta beherago dator.
Ez dago inor instantea harrapatzeko eta hala ere
azken izpiek limoizko haziak ereiten dituzte
biharko...
Esan,
zeren beldur zara,
urreztatuz bazoaz ibili ahala?
Ikus ditzakezu itsasoko izarrak zeruan islatzen
eta iluntzea urtean behin sekula-belar bihurtzen.
Nabigakorra da paisajearen tristezia.
Galderak gari bihurtu dira bideetan.
Urak luma bat izan zitekeena daroa.
Bestela dena dago lasai.
Betiko moduan eltxoak argiaren bila.
Betiko moduan beldur gozo batek gidatzen ditu
izaki gehienak.
Inurri gorriek
lur azpiko barrunbeetan sartu
eta haurdun uzten dute mundua.
© Igor Estankona