Sabelizketa

 

Ogia banatu duten garaian lo nengoen

Zu zintudan ments ez bakea

Bitartean mindu egin da elurra

Ezkaratzetan

Itoen ubera guritu du jitoak

Eta almitza bihotzeraino haztera dabil

Beti aurki nitzake ehun arrazoitik gora

Inor maitatzeko

Ezinaren testigantza anitz

Hurrengo zitak saihesteko koartadak

Setiatzaileen aipuak askatasunaz

 

Zugaz ez banago sabeliztuna naiz

Eta poema bateko hesi itsu batek bezala hitzegingo dut iluntzean

Eta hilen elderrak jango dit bihotza

Eta karroinak lehertuko zainak inongoa ez izateko gehiago

 

Errazegia da etsaiei egoztea zorionaren kalteak

Bizia baino ederragoa irudika zaitzaket oraindik

Zure eskuaren bila nenbilela argitu du goizak

Biktimarik gabe

Errukirik gabe

Etsita nago muga-lurrok bakera ezinak direla

 

 

© Jose Luis Otamendi

 


www.susa-literatura.eus