Itxaron-zerrenda

 

Euria ari du okerka zubien gainean

Ibaiaren jitoaren gainean ari du

Negar luzeko gauen gainean

Haurren jolas galarazien gainean

Nire bihotzak karroinduta dauzka zuloak

Badira akorduaren errakuntza ederrak

Derrota handiak eta txipiak

Guruinak adiskidantzak isilpean jaten dituztenak

Badira itsasoa tarteko eskatzen duten maitetasunak

Estadioak

azokak hondarratzeko handitzen direnak

 

Inoiz erabilitako arma laztantzeko baino barrurik ez daukat

Barrurik ez zeruaren arrakalatzea galarazteko

Nondik jausiko dira hegazkin jendez beteak gero

Badira zapalduko ez ditudan amildegiak

Eta orrikatuko ez ditudan artxiboak

Badira amore emateak eta heriotzaren garaitzak

Mendien ostean galduko diren bihotz urrunak eta agortutako errekak

Beti izango dira ordea gogo okupatuak ele liberatuak aldarrikatzeko

Arrotz ebakitako maite-hoskak herioan

Dena amaitu aurretik

Aspaldiko gorputzak ukitzera itzuliko den eskua

 

 

© Jose Luis Otamendi

 


www.susa-literatura.eus