Izotz beltza

 

Ausikika ari zaizkio hostoak zeruari

Ez naiz German Rubenach

Ez naiz Johnny Rotten

Ez naiz Monzoneko Telesforo Bizirik atera banaiz ere minaren segadetatik hilkintza handietarik

Ahazmen sakonari atzipe egiteko ginoan izan arren oraino

 

Itute bero honi eutsi diot

Soraio agertu natzaio hamaika maitasuni

Irrifar zurminduetan irauten ikasi dut

Zaharragoa naiz horizontearen ubera baino

Ez diot haizerik eman nahi inoren etsiari

 

Ezinezko leloa da maitasuna garbia zitekeelakoa

Ez dago ezer garbirik

Odola xuria da eta izotza beltza gure oinetan

Beldurra diot paduretako hondarmuinoen epaiari

 

Inorenak ez diren lurrak

Inorenak ez diren bihotzak

Inorenak ez diren orenak

Etxean sumatzen dut gauero Susana Arregi eskilarak igaiten

Eta Sid Vicious ondoren

Eta Urkiagatar Estepan ondoren

Baldintzapean maite dugu, baldintzapean bizi

Aurki loak lotuko nau lahardi itzali bat bezala

Nire pozaren alde txalo egin dezadan eskatuko didate

Neure tristuraren armadan izena emateko

Erraza da maite ez denari barkatzen

Honek behar du gure sasoia, Susana Arregi eskilarak igaiten

 

 

© Jose Luis Otamendi

 


www.susa-literatura.eus