Indusi

 

Zure begiak aspaldikoak dira gainera etorritako harriak bezalakoak

Loa galarazten du haitzetatik botatako gorputzen artean

Norberea ez aurkitzeak, ez sorbalda bat ez berna-hezur bat pendizean

Inoren bisaia adarbegi ebakietan aurresusmatzeak zoratzen digu loa

Kamioien memoriak irakurtzeak isiltasunarenak

Hurrena ez gaituzte hemen bilatuko

 

Adore izateko pintadak margotzen dituzte

Eta egunbeteko poza ematen digu laztan batzuk sabel bazterrean botata topatzeak

Lur eman nahi digute

Gainera datorkigun lurra dugu gure aberria gure amodioa

Oroibelarra hazten da euskal etxeetan

Bizirik eman nahi digute, gure maitetasuna luizi bat da

 

 

© Jose Luis Otamendi

 


www.susa-literatura.eus