Barne-lurrak

 

Ez dakit atzerria noiz hasten den

Zein paralelotan, giharre erasan edo dekreturen errenkadatan

Testiguak dauzkat nire bakardadearenak

Inongo jazargoak urratubako txarak, zurearen testigantzak bihotzeko urondoan

Traidore eta seme kuttun izendatuko ninduketen ahal izatera

Biharamunerako agindu eta bezperan desarratu tiro maitemindua naiz

Bizi gareno gaua bertan ematea galarazten diguten gorputzekin egingo dut amets

Betiko nahi genuke elkarrekin baina beti dago aurrez oroitu beharreko zenbait

 

Gure txostena amaitzeke dago

Frogak batzeko dagoz deklarazioak hartzeko

Fitxategi nahaspilatsua da samurtasuna

Nork eskatuko digu orain herriz aldatzeko ostatu maiztuok abandonatzeko

Alferrik jarriko dute musika altuegi

Ba al da askatasunak ahantziko ez duen fusilaketarik

Ez gara libre baina libre gagoz elkarren mina izateko bederen

Orri baten barrena behar dut

Maite ez banauzu poema hauetako hesola erorien artean kausituko naute, bakarrik hilko naiz

Telefono dei batez neuregain hartuko dut oinpean dudan lur hau

Alferrik jarriko dute musika altuegi, isilean beti gordeko dugu zerbait

 

 

© Jose Luis Otamendi

 


www.susa-literatura.eus