Galbidea

 

Oroitzearren ari naiz itsaskatzen ibai larriok

Oroitzearren urpeko artxiboak orrikatzen

Beldur naiz zure begiradako padurak galtzeko

Gela giltzatuak gauari ikasitako lurrak

Bihotzeko zuloetan gorde nahi dizut arbola zuztarrekin hitzegindakoa

Ibaiaren bi aldeetan ez dabil inor

Dei egiten dizut autoak argitutako soro abandonatuetan

Atzo festa zena gaur suak ez du nahi

Aski litzateke keinu doi bat

Zure irrifarraren lurralde eskuragaitzetara heltzeko

Aski litzateke gogoan miatzea — aulki bat hemen euria hor —

Baina lainoak segizioaren bozak batu ditu jitoaren gainera

Urpean zezeldu helbideenak almitzarenak

Hemendik entzuten direnak

Den ederra

Maite zaituenak baino ez zaitzaket galdu baldintzarik gabe

Eta gaua zelatatzen dut eta beila egiten diot lur honi

 

 

© Jose Luis Otamendi

 


www.susa-literatura.eus