Gutuna-2

 

Zatoz

Gela hustu usaina dario zeruari

Arrea eta bakartua azpia

Agorril miragarria duzu gorputza

Eta almitzak hartuak ditu hiriko biltegiak eta arimak

Ibaian dira atorra pizuak

Behatz zurminduak

Helbide ezabatuak

Esnaera larri batean bilaka liteke maitetasun hau

Olatua dator olatuaren gainean

Larderiazko muga-lurrotan iratzarri behar zaitut

Maitetasun berberau zezelduko dizut

Noiz ahantzia noiz jazartua

Urruneko argi seinaleak atzean utzitako auzokoak dira

Ala maitea dakarte maiteagana

Gainez egindako lur zerrenda onargarriak direa amets hebainduok

Ezin dut

Baina gatibu hartu nahi ditut bizirik heltzen zaizkidan mezulariak

Zure hitzak buruz dakizkite ez dira zu

Ez zara zu

Ez zara

 

Zatoz

Erratu egin dira aurreikuspenik baikorrenak

Koldarregia naiz maitetasun hau bakarrik defenditzeko

Nire liluraren lausoa altxatu du ibaian

Eta laino-tutuak entzun litezke eskualde osoan

Seinaleok jitoaren akordua ederragotzen datoz

Hor behean behar dute zurekin ez naizena badakiten eskuek

Non inprimatuko dizut morse ezindu hau gero

Lantoki zarratuok kale hustuok non

Luiziak dauzkat harrotzeko

Giltzak batzeko

Deklarazioak zuzentzeko

Gehiegi dira galdu ditudan hiriak galdu zaitudanak

Baina behin ere ez zaitut konkistatuko

 

Zatoz

Beste urtebetez bizi gintezkeela agindu didate

Badakit auzolanak aspaldion esangura mina duena

Lugintzara bueltatu zaretela

Eta aboro ez zaretena ereiten duzuenaren jakingura

Ez zintuzket nahi inoren agendatan abarotua

Ez zintuzket maite-erakutsiekin asetzera egingo

 

Zatoz

Nire hitzak ederregiak dira izen gozoko hirietan zu gabe etsi dezaten

 

 

© Jose Luis Otamendi

 


www.susa-literatura.eus