Ondare

 

Itoen begiak belakiak legez hanpatzen dira

Flotatzen dutenak dira erdokatan josiak ezpondetan kukutuak

Hilotzak — ontzibular errimeok — akorduak sehaskatzen ditu egonak

Ibaia almitza bezala ari da hazten, jauzi librean amilduko naiz zure bihotzeko zuloetara

Lohiartzekoa erantzi eta oilariteei itxaron

Gaitz-hartuen zerrenda berritu eta hezurtokiak jagon

Mindutako poemak idazten ari naiz ilunean ikustekoak

Nireak zureak dira atejoka hauek mizto hezigaitz hau

Gure aldarriek ez dute erantzunik gure maitetasuna gerrako meritua da titulu gaitzesgarri bat

Ulertzen al duzu nire isiltasuna orain

Zergatik gorde dizkidazu itsasgain hautseztatuok ontzi hondarratuok gordean

Itsututa nago entzun nezake ordea itotakoen sonar-a

Haitzarrien xerka dabil gure hitz ederra dira

Nire hitzak ez dira hautazko eldarnioa ez dira ebakuazio bat ez dira literatura

Beti bilatuko diot aho bat zure negarrari

Bakarlan estua da bertotik hona itzuli behar hau

Beilatzen ditugun begiok balakatzen gaituztela gauaren tarratada artetik

Irekiak hondarrez berdintzen ditugu minez

Ez gara kukutuko, itsasoaren lauzak altxatzekoa naiz

Bihar gozatuko zaitut, gaurtik maite zaitut bihar

Urpeko intziriz burniz trasladoz zamatu dut nire mina

Almadiazain nabil hildakoen gainean

Aspaldi erabaki zen garaipena adina sufrituko dugula maitasuna

Biolentziari lotuko gintzaizkiola zalantza izpi bat defenditzearren

Aspaldi mauser bat bezala amaren zulotik atera gintuztenean itun bat bezala

Zuztar bat bezala, gaurtik maite zaitut bihar

Ulertzen al duzu nire isiltasuna orain

 

 

© Jose Luis Otamendi

 


www.susa-literatura.eus