Iratzargailua

 

Gaueko hiruterdietan geldir:ik darraite orratzek

maitasun-lapurren gura du haizeak

Badirudi hogeitalau orduz prestaturiko urkabeak

ez duela biktimarik topatu bezperaren xederan

Buelta eman diot erlojuari

zenbaezina trenbideen kronologia

zubi altxakorretan

oraindik geldirik darraite orratzek

baina badirudi hanka batetik harrapatu dutela norbait

zaude apur bat

azkenean garbi ikus dezaket nor den

hego bat bestea baino luzeagoa duelako

herrenka dabilen kaioa

 

Lauetan ikara bere ohizko ubideetara itzulirik

bihotz-lapurren gura du haizeak

Lauak eta hogei direnean denbora ileapaindegi bat da

eta orratzak izan daitezke adibidez

goroldioa amesten arriskutsuak insomnioarentzat

goizegi zorroztutako guraizeak

 

Zazpietan egunsentia gibelate itxiak dituen

erakusleihoa da ostera

Bihotz-papurren gura du haizeak

Umeak indioetara dabiltza jolas berriak entseiatuz

enparantza ertzeko lumekin

 

 

© Harkaitz Cano

 


www.susa-literatura.eus