Benetan nik ezezagun bat neukan sarajevon

mostar gernika phom penh hiroshima bagdaden bezala

nire ez ezagunak belarri fina zeukan eta petate orlegi bat

ongi jotzen zuen pianoa nire ezagunak nahiz eta pianoari

soka bat falta zitzaion ibai izoztuetan

zuloak egiten zituenez amurrainak harrapatzeko

Benetan nik lehengusu txiki bat neukan sarajevon

gaur goizean ikusi dut estreinakoz egunkarian

benetan ikusi dut begi ikatzezkoekin panazko galtzekin

nire lehengusuak aipatu dit gizenduta ote nagoen

kezkaturik dabilela bolada honetan eta

ea hemen ere amurrainak bihotzik gabe jaiotzen diren

Sorbaldaz keinu bat egin diot ez dakidala

amurrainena alfa edota omega izan daitekeela

atorraren azken botoia ondo lotuz gero ez duela

inork bihotza lapurtuko dion beldurrik izan behar

Benetan nik lehengusu bat neukan sarajevon

eta negarrez hasi da edo negarra hasi du

guk garagardo lata bat hasten dugun bezala

eta negar egitean behitu egiten zaizkigu begiak

pianoaren soka zeukan lepoan biribil

ezpainik gabe hitz egiten zidan anaia maitea ez dik merezi

hemen aspaldi honetan

pianoek ezkilen soinua jotzen besterik ez zekitek

 

Benetan ni ere izan nintzen sarajevon yashica kamara batekin

bakea eta ikara esku beretik sustraitzen ziren atorrak

deslotu eta alferrik

galduz aorta atariko bitartekarien tuneletan

 

 

© Harkaitz Cano

 


www.susa-literatura.eus