Gauez lo egin ezinik
Brodatuaren bestaldea / Le paysage c'est un état
d'âme / Aintzinako haurra
munduaren tamainako globoa puzten / Panpinak
hilekoa dariela / Arrainak nasa gainean /
Como sao bonitos os marinheiros / Surik gabeko
sutondoa / Albiste onak itxadotea
dentistak hagina kentzen dizun artean / Rj rj rj /
Sutondorik gabeko etxea /
Etxerik gabeko bizilekua / Zakurraren belarri
zuloan gainbizitzea /
Betaurrekoak lurrean / Bizitzen ikasi orduko
hiltzen ikastea /
Saguak zelda bazterrean rj rj rj / Leku zikina
gainera ilunetan...
Denbora den dortoka hori pausarik ia egin gabe
pasatzen da.
Haren maskorpean bizi arren, haren aldentzeari
begiratzen diogu.
Erropa zikinak ikuztokian bezala pilatzen ditut
lerrook pospoluen argipean,
ea kabitzen zaizkidan heldu den goizeko trasladoan,
hogeita bost kiloko boltsan.
Dortokaren maskorra: urteen edalontzia.
Gezala, herdoila, koralak.
Aihenelako hitz laburren bat asmatu:
zugabakarrik.
Ahanzturan oroitarriak altzatu: baserri fabrikak
gure herriko haran berdeetan.
Desolazioa poesia deritzan hori bihurtu? It looks well
on the page / but never well enough
Alegra gaitezen ilunbeei begira, agian goizalba da
Zelanda Berrian, antipodetan.
© Joseba Sarrionandia