Amodio protopoema

 

Amodio poemarik xamurrena izkiriatu nahi nizuke

poeta erromantikoen xalotasun eta

                                   erru gabeziarekin.

 

Zure zangoak luze luzeak balira

eta ene zangoak zureak lain luzeak

mahaipean luzatuko genituzke zangoak

                     zangalatrabatzera jolasteko.

 

Ene hatzamarrek zure larrua ukituez gero

               pospolu antzera izekiko lirateke.

 

Mundua arrisku larrian jarriko genuke

gure besarkadagatik ikaratzen ez dakit zenbat

                                             Richter eskalan.

 

Erdu harresia aihenbelarrak lez eskalatuaz, erdu

untziaren kubertara jauzten den olatuaren gisan,

erdu eremu lehorra hondatzera datorren

                                             ekaitza bezala.

Erdu eta bihur ditzagun hitzak haragia.

 

Solda gaitzatela bata bestearen kontra.

 

Horrelako poema gogotsu bat eginen nizuke,

                    baina zer laburra den lirikarena.

Leihoa zabaltzean, zeldara, zure ordez,

errealitatea sartzen zait, bere altzairuzko

                             hatzaparrekin, orroaka.

 

 

 

© Joseba Sarrionandia

 


www.susa-literatura.eus