Galtzetan gordetzeko koblak
Artizarra ortzantzean lehena da argitzen
Saguzahar zaharrena oraintxe da esnatzen
Teila gorri horma grisa ixilean laztantzen
Zoko beltzen hegaztiak gau berria ehuntzen
Hemen gautza ezin irten errautsen gaztelutik
Gaua sare erraldoia gugana abaildurik
Azpian nau gatibatzen tristurari loturik
Hemen natza hau zer denentz adierazi ezinik
Hau izuen gordeleku eta belar hitsena
Hau malkoen katedrala gizaseme hutsena
Hau eremu bezperage biharamun motzena
Hemen datza gorpu bizi herri bat izan zena
Hanitz lore sortzen omen hurruneko bizira
Gartzelara sartu oro heldua da hobira
Saguzahar ehunleen urkabeen hegira
Zelan kulun-katzen garen bi begiez begira
Argi gabe ari nauzu giltzapean koblatan
Oinazea bisitari gogoaren zainetan
Zaindariak paper bila ari dira zeldetan
Erdu eta to zuretzat gorde itzazu galtzetan
© Joseba Sarrionandia