Bihotz iluna
Horma iragan ezinak, bihotz iluna,
zementozko bertikalak eta horizontalak,
pasilo luzeak, burdinezko ate zarratuak,
behin eta berriroko zarrailak,
etxe errea, etxe hotza.
Hurrinegi, basahateak lakuetara
hegalak zabalik murgiltzen. Bihotz iluna:
Noiz eginen duzu haien antzera jauzi?
Esperantza altzairuzko orratza da
hamaikagarren atean. Bihotz iluna:
Zenbat oilar ito dabil zure odolaren zirimolan?
Bere gelaren mugatan gauez
preso bakoitzak marra bat egiten du,
horregatik ohi du egunsentiak
bihotz iluneko tigrearen antza.
© Joseba Sarrionandia