LEHEN ERROMESA NINTZEN
«Et perdrás pel camí
que no té mai tornada»
S. Espriu
Erromesa nintzen,
iparrararen bila mundua kurritzen duen haietarik.
Jendearen gain elikatzen eta janzten nintzen,
nik ordainetan arkameleak kondatzen nizkien
supazter-txokoan.
Apopilo ere hartzen ninduten
ostatuz ez nengoenean.
Boztarioz bizi izan nintzen
negu beldurgarri bat heldu arte,
elurte hartan etxola tipi batetan sartu arte,
eta han, zu kausitu zintudan arte.
Handik hona ez ditut bide berriak desiratu
zure ezpain gerezidunak baizik.
Lehen erromesa nintzen,
munduz mundu dabilen haietarik.
© Juan Ramon Madariaga