EKIAK ZURIERAZTEN DU HABORO

 

Ekiak zurierazten du haboro

gakorratzaz brodaturiko oihal fina,

ohetarik bi aldeetara

aintzinatik baretua dirudiena.

Besoak ere zorurantz seinalatzen du

ixekia bailitzan

ekia ihakindatuz.

Horman kuadro tipi batek

liliz beteriko bedatsea erakusten du,

balizko urrelilien lurruna

logelaren xoko orotarik

barreiatuz.

Haizetxoak gortinaia urdinak mugierazten ditu

astoluma handi baten hegalak gomutaeraziz.

Bakardadeaz eta ixiltasunaz blai

amoranteen gorpuak

ohe zurian dautza.

Haien soin ahulak

uztarturik daude pozoamenduaren zioaz.

Eta laguna, negar zotinka,

uzte handian dagoela ohartzen da,

eta ezin paira dezake lanturu eta deitorea,

ezin paira dezake amodio honen galera.

 

 

© Juan Ramon Madariaga

 


www.susa-literatura.eus