7

 

Igandea da gaur. Baina berdin dio horrek abaildurik dagoen Damiani. Azpian hartu du joan zen ostiralean Urrutikoetxeak egin zion galderak eta ezin du ihes egin pisuaren petik. Bere baitara kiribildurik dago. Ia bere gelatik irten eta hitzik esan gabe inori. Hitzik esan gabe Luperi, bere itzal derrigorrezkoari. Utz nazazu lasai, Lupe, esan dio pare bat bider emakumearengan sortzen duen ezinegonaz konturatu gabe. Emakumearengan noraeza sortzen duela ikusi gabe. Autopistan zamaz kargaturik ibili ohi diren kamioiak bezala dabil emakumea. Pasaiako ontziak bezala. Auto berriz betetako tren atzera-aurreratiak bezala. Orain iparrerantz, berriz hegorantz. Orain hemen geldi, pixka batean. Berriro abiatzeko, gorantz, beherantz, jakin gabe norantz. Inoren etxean nola jokatu, non ezkutatu asmatu ezinik utzi duen emakumeari begiratu ere ez dio egiten gizonak. Haren asaldurari baliorik batere emateke. Nahikoa baitu berearekin. Nahikoa ez, gehiegi. Gehiegi du harrizko egin zaizkion hesteak bere lekuan edukitzearekin.

        Zer duzu, Damian, emakumeak. Utz nazazu lasai, Lupe, gizonak. Ez besterik. Ezin dizut ezer kontatu. Baina utz nazazu lasai. Erregutu egiten dizut.

        Atzo, oharkabean, alde egin zuten bi gazteek. Horiek ere fitsik esan gabe. Agur eta eskerrik askorik esan gabe. Etorri bezala, alde. Hegaberek egiten dakiten moduan. Haizeak egiten duen moduan. Etorri eta alde. Oharkabean.

        Damu da orain Damian haiekin egondako denbora gehiago ez profitatu izanaz. Gazteekin egoteko aukera ez erabili izanaz. Bera Irlandan ibili zeneko adinean ziren biak, Gorka eta Leire, ezin, hala ere, bera bezalakoak balira lez ikusi. Bera helduagoa zen. Bera arduratsuagoa zen. Bera helduagoa zen hogeita lau urterekin. Berak emandako pausoak ulertzekoak ziren. Berak historia ezagutzen zuen. Chahoren berri bazeukan. Agirre, Galindez eta Monzonen albiste. Berak hegaberak zer ziren bazekien. Oraingo gazteek, ez. Eta damu da horretaz guztiaz mintzatzeko aukera hartu ez izanaz.

        Ulertu nahiko lituzke. Jakin egin nahiko luke oraingo gazteen barneko habian bere garaiko txori berak gordetzen diren, ala, aitzitik, ezberdinak ote diren. Ezberdinak ote diren gaur eta atzo, hegaberak mugiarazten dituzten arrazoiak. Berak hala uste du. Ezberdinak direla orduko eta gaurko haizeak. Orduan ulertzekoak zirela berak eman zituen pausoak. Beste biderik ez zela. Emanda etorri zitzaiola berari aukera. Erretenean jarraitzea baizik ez zela izan berak egindako bidea.

        Gaur ez daki, ordea. Ez daki erreten berak jarraitzen ote duen. Ez da segur beste biderik ez ote den. Eta jakin nahiko luke. Jakin nahiko zukeen.

        Damian ez da bere gelatik ia irten ere egin bi egunetan. Soilik atzo arratsean, Lupek sarrerako atea ireki eta emakume bat zegoela esan zionean. Véronique zen.

        Ez zion bere etxetik barrura sartzen utzi Véroniqueri. Zorionaren atea gurutzatzen ez zion utzi Véroniqueri, Ziburuko adiskideari. Ziburuko zoroari. La folle. Utziz gero, alkoholetan itoko litzatekeenari. Arnasa hartzeko ere isiltzen ez den Véroniqueri. Zimurtzen hasitako neskari. Halako abaguneetarako geratzen zitzaion lagun bakarrari. Ari, ari, ari.

        Eta haren begi hezeetan ikusi zuen ez zegoela jada zer egiterik. Alferrik zela, nor da beste emakume hori, galderari erantzuten hastea. (Nor da emakume ederrago hori). (Nor da emakume gazteago hori). Ez zegoela nondik. Ez zegoela inola. Ez zegoela modurik. Ez zegoela hitzik, ez dakit zer gertatu den, esatea baino askoz harantzago joango zenik. Berak ez duela erantzun metafisikorik edukitzen. Ez dakiela horrelakorik. Ez dakiela erabiltzen goi-arnasarik. Izatekotan ere, egun batzuk barru kontatuko dizut gertatutako guztia, bezalako dorpekeria mundutar bat otuko zitzaiola. Edo, ez zaitez jarri horrela, Véronique maitea. Gehienez ere.

        Horretarako hobe, ordea, ezer ez esanda. Ziburukoari aurrez aurre begira eta mutu geratuta. Véroniqueri ezer esan ez eta gizona gizon baizik ez dela izaten erakustea. Gizona beti dela hegabera. Elurretan galtzen den hegabera.

        Erantzunik ezean, Véroniquek hartu zuen hitza: banekien zeuk ez zenuela ezer egingo eta hauxe ekartzeagatik etorri naiz. Floch jaunaren bitartez lortu dut. Eta alde egiteko bizkar eman baino lehen, barnean dakartena airezko bolatxoz babesten duen horietako enbelopa bat eman zion eskuetara Damiani, ez horregatik, gehituz. Gero, besterik esan gabe, joan egin zen. Etorri bezala alde, Véroniquek ere. Isil-isilik.

        Damian atalasean geratu zen, paketetxoa eskuetan, Véroniqueren autoa makal eta lizarren artetik ezkutatu artean. Gero, ostiko bat jo zion bere ondoan buztanarin zebilen Argosi. Loreen artean txiza egiteko baizik balio ez duen zakur ganorabakoari. Pasa txokora. Toma hemendik.

        Enbeloparen barruan, kutxatila bat aurkitu zuen. Pospolo kaxa handi baten neurrikoa. Dena egurrezkoa, kristalezko alde bat izan ezik. Barnean kotoia, kotoi zuri-zuria, eta kotoian orratz batez josirik, intsektu idor txiki-txiki bat. Sekula ikusi gabekoa izan arren, berehala ezagutu zuen Damianek Véroniquek ekarritako zomorroa. Zenbat ordaindu ote zion Floch jaunari.

        Marrazkietatik ezagutzen zuen, argazkietatik ezagutzen zuen, bere ametsetatik ezagutzen zuen, desiretatik ezagutzen zuen: Necrobia rufficollis. Necrobien bilduma amaitzeko, hainbeste urtean lortu ezin izandako intsektua. Koleoptero preziatua.

        Eta Damianek jakin zuen, han behera, makal eta lizar arteko errepidean zihoan autoan sartuta, munduan bera hobekien ezagutzen zuen emakumea zihoala. Bera gehien maite zuen emakumea zihoala, seguru asko. Betiko zihoala. Bere bizitzatik. Bere ondotik.

        Auskalo nora.

 

 

Nor zen emakume hori, galdegin zion gero Lupek. (Nor zen emakume eder hori). (Nor zen emakume begi eder hori). (Nor zen ni baino interesgarriagoa zirudien emakume hori). Véronique deitzen da. Nire aspaldiko lagun bat, erantzun dio. Hauxe ekartzera etorri da, eta kutxatxoa erakutsi zion.

        Txiki-txikia da, eta itsusia benetan zomorroa. Eskertu egin du Lupek, azkenean, euren biez kanpoko gai berri bat agertu izana. Atean aurkitu duen emakumeaz hitz egin beharrik eza.

        Eder-ederra da eta bizitza ematen daki heriotzaren bitartez.

        Zer da kontu hori.

        Kontu zahar bat.

        Esadazu.

        Gero.

        Eta Damian bildumak gordetzen dituen gelara sartu zen bere atzean atea itxiz, bere atzean ezin esandakoak esan beharraren lanak utziz. Gero. Izatekotan. Eta ahal bada, inoiz ere ez.

        Letra etzanez Necrobiak eta Corynetesak jartzen zuen tinta beltzez kristalezko mahai handi batean. Beirazko estalkia jaso eta hantxe jarri zuen Damianek Necrobia rufficollis iritsi berria. Necrobia rufficollis desiratua. Hutsik geratzen zen leku bakarrean. Necrobia coeruleus eta Corynetes rufipes izeneko koleopteroen artean. Bere lekuan.

        Gero eseri egin zen, besaulki belarridun ubel batean eta, klik, amatatu egin zuen gela argiztatzen zuen argimutil bakarra. Hantxe egon zen ilunpean, bilduma amaitutakoan, bildumagileak ez duela izateko zentzurik pentsatzen. Bildumagilearen absurduaz jabetzen. Bildumak iraultzen antzekoak direla ere pentsatu zuen. Egin bitartean soilik balio dutela, alegia, iraultzek eta bildumek. Gero alferrik dela beste guztia. Galdu egiten duela funtsa bildumagileak behin bilduma osatu denean. Galdu egiten duela funtsa iraultzaileak, iraultza egina denean. Beste aldi bat hasten dela hori egindakoan eta hor ez dutela zer eginik ez batak eta ez besteak.

        Erokeriak pentsatzen hasita zegoela ere pentsatu zuen. Erokeriak pentsatzen hasita zegoela pentsatzen hasita zegoela. Agian Jaionek arrazoia zuela eta euli eta intsektu haiek guztiak Arantzadiri ematea ez zela kontu txarra. Azken finean, bera hil eta gero ere, haiena izanen zela zomorro haiek guztiak zaindu eta erakusteko ardura. Hori ez zela bera bezalako bildumagile baten zeregina. Beste kontu bat zela hori guztia.

        Eta zomorro hitza bururatzearekin batera, Jose Ramon Izpizua etorri zitzaion gogora. Aspaldiko laguna. Gizon aparta. Kaka zaharra. Hura ere Oxford Klubekoa izaki. Zalantzarik gabe. Nork esan zion, bestela, Aranbarriri, eta hain azkar gainera, berak, Damianek, zeukala argazki hura. Nork esango zion hori Izpizuaz beste inork ez bazekien bere eskuetan zegoela Jaioneren argazkia.

        Zer egiten da, pentsatu zuen gero, halako gertaeretan. Zein da pauso zuzena. Ez zegoen prestaturik, ez zekien nola jokatu, ez zekien zer egin. Kartzinomaren albistea jaso zuenean bezala. Elbarriturik. Harrizko bihurturik. Kaka zaharra hori ere. Batzuetan ahaztu ere egiten zitzaion hilda zegoela.

        Zein aurpegi jarri behar zion Izpizuari elkar ikusitakoan. Esan egin behar al zion Urrutikoetxea tenienteari bere lagun bihotzekoak traizionatu egin zuela. Iloba etxean gordea zion arren. Ez, hori ezin zion esan. Iloba iheslariarena ezin zuen aipatu. Esker txarrarenik ere ez. Gizon guztiak direla beti hegabera. Ulertuko al zion Urrutikoetxeak hori. Ulertuko ote zion halakorik beste hegabera batek. Hipokrisia, itxurakeria, azaluskeria balio handikoa dela gaur. Nori esan behar zion horrelako gauza bat. Nork ulertuko zion horrelakorik hitz gutxitan. Metafisikarik gabe. Zein belarritan hustu behar zuen hainbeste gertaeraren zama.

        Ezin zitekeen izan, ordea. Nola egongo zen, bada, Izpizua Jaioneren hilketan nahasita. Ezinezkoa zen hori. Lagunak ziren, biak ala biak. Eta, batez ere, oso lagunak Jaione eta Izpizuaren emaztea, Marta.

        Gelako atea zabaldu zen halako batean. Lupe zen afaritara deika. Zatoz Damian, zatoz, esan zion. Nahikoa eduki duzu eta. Lupe zen, bai, hitz denak neurtzeko egiten zuen ahalegina ezkutatu ezinik. Lupe zen, existitzen zela ikusten hasitako gizona uxatuko ote zuen beldurraz estalirik.

        Berehala joango naiz, erantzun zion gizonak, baina beste ordubetez hantxe geratu zen. Ilunpean. Nola jokatu erabakitzeko, argiren bat aurkituko zuelakoan. Bere buruak, behingoagatik, benetan zer nahi zuen erakutsiko ziolakoan.

        Jaionerik gabe, Izpizuarik gabe, Véroniquerik gabe, bakardadearentzat bazka erraza izateari nola lagako zion erabakitzen. Erabakiko zuelakoan.

 

 

Bai, kontatuko dizut. XVIII. mende amaierako urteetan izan zen. Amaiera-amaieran. 1794an edo. Frantziako Iraultzaren ostean. Bordeleko portutik ontzi handi bat itsasoratu zen, Guyana aldera presoak zeramatzala. Halako batean, jendarmeen bergantin arinago bat hurbildu zitzaion itsasoaren erdian, presoetako bat handik atera eta berriro lehorreratu behar zutela esanez. Gizon hori Pierre André Latreille deitzen zen, elizgizona eta Errepublikari eta Iraultzari sekula men ez ziola egingo esanda zeukana. Horregatik zigortu zuten, hain zuzen ere, ez zuelako iraultzaileen aginte berririk onartu nahi. Inola.

        Ordurako zoologo handia zen Latreille abadea, baina ez zioten horregatik barkatzen Iraultzaren aurka ibili izana. Beranduago, gainera, Parisko Zoologia Museoan katedra lortu zuen.

        Bordeleko kartzelako ziega batean eduki zuten lehenbizi, ontzi hartan eraman zituzten gainerako preso guztiak bezala. Han zegoenean, zomorro harrigarri bat ikusi zuen lurzoruko harlauzen artetik irteten. Txikia zen, zentimetro erdi baino ez luze. Hala, bada, zomorroari begira ari zitzaion tenorean, kartzelako mediku jauna sartu zen eta ea zeri begiratzen zion galdegin zuen. Eskuetan zeukan zomorroa erakutsiz, orain arte sekula ikusi gabeko zomorroa da hau, koleoptero arras interesgarria, erantzun zion Latreillek.

        Medikuak zomorroa hartu eta bere lagun bati eraman zion, Bory de San Vicent entomologo ospetsuari, hain zuzen ere. Baina honek ere ezin izan zuen zomorroa ezagutu eta klasifikatu. Horregatik erabili zituen bere indar eta lagun guztiak, kartzelan zegoen abade eta zoologo haren aldeko askatasun agiria etor zedin. Zomorro hura zein motatakoa zen erabakitzeko, ezinbestekoa zen Latreille.

        Berandu etorri zen apaiza askatzeko agindua, ordea. Itsasontzia Guyanarantz abiatuta zegoenean. San Vicent-ek ez zuen etsi, hala ere, eta jendarmeei erregutu zien gizon hura ekar zezatela lehorrera berandu baino lehen. Frantziatik urrun, betiko zeraman ontzi hartatik ekarri zuten arte ez zuen etsi.

        Eta nola izaten diren gauzak, agindu hura apur bat beranduago iritsi izan balitz, Frantzia bere zoologo handiena gabe geratuko zen. Hiru egunen buruan hondoratu egin baitzen ontzia eta bertan zihoazen preso guztiak itsasoan ito eta galdu. Ohikoa izaten zen hori, bestalde. Iraultzaren aurkako guztiak behingoz gainetik kentzeko egiten zuten hori.

        Kontua da, ekarri egin zutela abade hori eta aukera eduki zuela bere intsektua aztertu eta klasifikatzeko. Necrobia izen generikoa jarri zion, grekotik hartuta. Hitz horrek, bizitza ematen dizut heriotzaren bitartez, esan nahi du. Horixe esan nahi du. Heriotzatik libratu zuelako jarri zion izen hori Latreillek.

        Kontatu didazun dena gezurra da. Zeuk asmatu duzu oraintxe bertan, esan zion Lupek irriz.

        Egia hutsa da.

        Ezin du izan egia hainbeste kasualitatek eta gertakizunek gizon bakarraren bizitzan. Egiazko bizitzan ez da gertatzen hainbestekorik.

        Kontatu dizudana, egia da. Egia garbi-garbia.

        Damian, esan iezadazu zeuk asmatu duzula oraintxe bertan. Asmakeria dela. Gezurra dela. Niri ipuin bat kontatzeko asmatu duzula hori guztia.

        Hala nahi baduzu, esango dizut: gezurra da. Gezur borobila. Zer ardura dio horrek, gainera. Zer ardura dio gezurra ala egia izateak. Oso antzekoak dira biak. Berdin-berdinak.

        Banekien gezurretan ari zinela.

        Zuk hala nahi baduzu, bai: gezurretan ibili naiz. Baina egia esan dizut. Ez zaitez kezkatu, hala ere, ezagutzen dut kontrakoa eta. Ezagutzen dut bizitzaren bitartez heriotza ematen dizun zomorro txiki-txiki bat ere. Berak bizi behar duelako, zeu hiltzen zara. Zeu hiltzen zaitu. Heriotza ekartzen dizu bere bizi beharraren bitartez. Kartzinoma deitzen da. Kartzinoma ezkataduna. Korrokoiak bezala. Baina, zer ardura dio horrek. Biak dira berdinak: gezurra eta egia. Berdin-berdinak.

 

 

Bai, gaur igandea da eta Urrutikoetxeak egin du dei, goizean goiz. Aranbarrik ez ziola ezeri erantzun nahi izan esateko. Bere bulegoan aurkitu zutenean, ukatu egin zituela esan zitzaizkion guzti-guztiak. Ez zuela Jaione ezagutzen. Berak ez zuela inor bidali Damian jipoitzera. Horiek filmetako gauzak baino ez direla. Ea zer zela eta joan ziren hara, bere bulegora, hiru ertzain. Ea epailearen agindurik bazuten horrelako gauza bat egiteko. Eta ez bazuten, irteteko Bankutxatik berehala. Jendea gauza harrigarriak pentsatzen hasiko zela eta.

        Argazkia erakutsi ziotenean, ordea, gainbehera etorri ei zen gizona. Ezkur bat bezala. Bai, horixe esan zuen Urrutikoetxeak. Ezkur bat bezala. Eta harritu egin zen Damian. Berak beste irudi bat espero baitzuen polizia haren ahotik: karta-gaztelu bat, elur bola bat. Ez zuen espero, ordea, ezkurra aipatzerik. Beraz, baietz, ezagutzen zuela Jaione. Eta zer, galdetu ei zuen. Hori ez dela inolako hobena. Jende askok ezagutzen zuela Jaione. Bere senar ohia den Damian Arruti entomologoak ere ezagutzen zuela, besteak beste.

        Argazkiaren atzeko aldean mozorroturik ageri ziren gainerakoak nortzuk ziren galdetutakoan, berak ez zekiela ezer erantzun zuen. Baina hanka sartzea, argazkia non zegoen aterata galdetu zitzaionean egin omen zuen. Ez zekiela erantzun baitzuen. Oxford Klubean, esan ei zion orduan Urrutikoetxea tenienteak eta handik aurrera argitu omen zen argitu beharrekoa: gizon eta emakume askeek nahi zutena egiteko lagunarte bat baizik ez zela Oxford Kluba, horixe esan omen zuen Aranbarrik, eta hori ere ez zela hobena.

        Bada, bai, erantzun omen zion Urrutikoetxeak, legez kanpokoa da, putetxeez kanpo, inori sexu mesedeen truk dirua ordaintzen ibiltzea. Orduan ekarri epailearen agindua, esan ei zuen besteak.

        Eta Urrutikoetxeak eten egin zuen kontakizuna une horretan. Hildakoaren zatiak leizera egun berean botatakoak direla jakingo bagenu, behintzat, erabakigarria litzateke. Esan zuen erdi etsiturik. Antza, horixe zuen jakin beharrekoa. Jaioneren zatiak egun edo istant berean bota ote zituen norbaitek leizean behera.

        Damianek hartu zuen orduan hitza hariaren bestaldetik. Baietz, Jaioneren zati guztiak une berean botatakoak zirela leizean behera. Azterketa entomologikoak ederki agertzen zuela hori, gorpuki bakoitzean ageri ziren larbak eta ninfak, neurri berekoak baitziren. Batere alderik gabeak, izan besoko, zangoko edo gibeleko. Zatiak egun ezberdinetan bota izan balira, ez zuketela neurri bereko ninfarik gordetzen ahal. Aurkitu zituzteneko eguna baino hamabost edo hamasei egun lehenago botatakoak zirela.

        Noiztik dakizu hori, galdegin zion Urrutikoetxeak. Badira pare bat egun, Damianek. Batzuetan baboa dirudizu, Arruti. Zergatik ez didazu lehenago esan.

        Beste gauza bat ere badaukat esateko. Argazkiaren berri zeukan hirugarrena nor den ere badakit. Nire lagun handi bat da, Jose Ramon Izpizua, Hondarribiko arkitektoa. Eta Damian supituan jabetu zen, bere bilduma dagoen gelako iluntasunean eginiko gogoeta guztiak alferrikakoak izan zirela. Azkenean mundua gailentzen zaiola beti erabaki metafisikoari. Bere baitan. Bere baita mundutarrean. Hegaberaren bularraren erdi-erdian.

        Ederrak lagunak zureak, jarraitu zuen Urrutikoetxeak. Aukeratu egiten dituzu, ala. Horixe galdegin zion, ea Jaione eta Izpizua bezalako lagunak berak aukeratzen dituen beste guztien artean ala, aitzitik, bizitzak ekarritako opariak baizik ez diren. Eta ondoren, atxilotu eta polizia-etxera ekarri behar ditugu biak ala biak, esan zuen. Ez dago beste biderik. Atxilotzeko unean zeu aurrean egotea ere nahi nuke, ea zure etxera bidali zituzten gizonkote haietakoren bat ikusten duzun inguruan.

        Aranbarrirengana lagunduko dizut, baina Izpizuarena beste kontu bat da, Damianek. Ez daukat aski adorerik horretarako. Ahal bada, nire laguna gehiago ez ikustea erabakita daukat. Ulertu beharko duzu hori.

        Ez naiz batere harritzen, emazte ohia eta lagunik onena, biak Oxford Klubekoak. Ez da marka makala euli artean bizi den gizonezkoarentzat. Epailearen aginduak lortu bezain azkar deituko dizut berriz, eta bai, zu gabe atxilotuko dugu Izpizua, baina Aranbarrirengana nahi eta ez etorri beharko duzu. Bera bakarrik atxilotu ordez, bere bizkartzainak ere atxilotuko nituzke-eta gustura.

        Ederki da, esan zuen Damianek telefonoa eskegiz batera, baina bazekien esaldi hori formula hutsa zela. Hitz egiteko modu soil bat. Bazekien ederki ez zegoela han ezer. Gaizki eta txarki zeudela gauzak zeharo, eta, deskuidatuz gero, okerrago ere egon zitezkeela.

 

 

Igande goiza da oraindik, bai, eta beste dei bat ere jaso du Damianek telefonotik. Aspaldiko partez. Ahots ia ahaztua, hariaren beste muturrean. Mundu oso bat tupustean berritu dion ahots zorrotzegia.

        Esan iezadazu zer gertatzen den, Damian. Esan iezadazu, mesedez. Jaioneren amak deitu egin dio, azkenean. Hainbeste urteren ostean. Gerta zekiokeen gauzarik txarrena.

        Zer moduz zaude, galdegin dio Damianek, baina, nola nahi duzu egotea, izan da erantzun diona lehor. Hemen mundu guztiak daki zerbait, nik izan ezik. Non dago Jaione, galdegin dio, halako batean.

        Eta Damiani berriz ere bilakatu zaizkio hesteak harri. Zergatik ote da, erantzun ezaguna duten galderek eragitea beti hori. Zergatik ote da berari gauza guztiak gertatu behar izatea. Bera ez da Latreille abadea. Bera hilda dago. Zeharo hilda. Datorren astean, datorren asteartean, egingo dio ebakuntza Aldaba doktoreak. Eztarriko munstroa dagoen lekutik kentzeko. Haren sustraiak bere haragien artetik garbitzeko. Donostiako Poliklinikan. Bera hilda dago. Zergatik ez dituzte denek hildakoak lagatzen bakean. Zuk ere bai, Lupe, zuk ere utz nazazu bakean.

        Ezin dizut ezer esan. Horixe erantzun dio telefonotik, azkenean. Jaioneren amari, sekula begi aurrean ikusi nahi izan ez duen amaginarrebari. Amaginarreba ohiari. Ertzaintza ikerketa egiten ari da eta hori bukatutakoan, jakingo duzu guztiaren berri. Urrutikoetxea izeneko tenientea da ikerketaren buru. Mintza zaitez harekin, nahi baduzu. Hark esango dizkizu esan beharrekoak. Antiguako polizia-etxean aurkituko duzu.

        Saiatu naiz harekin ere. Zer uste zenuen, bada. Zuregana jo baino lehen, nahiago nuen nik beste edonorekin mintzatuta. Ez dut sekula ulertu Jaione zergatik fidatu zen zurekin. Eta txarrena, oraindik ere fidatzen da zurekin. Banandu eta gero ere, beti fidatu izan da zurekin. Ezin dut ulertu. Gizon ona da, ama, esaten dit beti. Gizon ona zarela, Damian. Euliak zaintzeko bizi den gizona, ezin daiteke, ordea, ona izan. Hori zozoenak ere badaki. Euliak beste gauza guztien aurretik jartzen dituen gizona, ez da gizon eta ez da ezer.

        Baliteke, bai.

        Ez didazu, beraz, ezer kontatuko.

        Ez, ezin dut.

        Hala ere, Damian, utz iezadazu gauza bat galdetzen: jaso al duzu argazkia. Jaioneren gauzen artean aurkitu nuen eta nik ez dakit ezertarako balioko ote duen, baina, badaezpada, taxilari batekin bidali nizun etxera. Ez dakit ondo ala gaizki egin dudan, baina pentsatu nuen Jaionek hala nahiko zuela. Zuri bidaltzea. Beste inori baino lehen, argazki hori zeuri ematea izango zela onena. Bankutxako Aranbarri da berarekin ageri dena, ezta.

        Bai, Aranbarri da.

        Hori bai gizona, erantzun, eta agur esan gabe egin du klik telefonoak.

        Damianek arnasa hartu du, Lupe hurbildu zaion arte. Lehorrean itotzen egondako arraina izan da tarte batean Damian, telefonoa eskegitzearekin berriro uretara itzuli eta arnas hartu duen artean. Nor zen oraingoan, galdegin dio Lupek berehala. Nor zen telefonoan. Inor ere ez bihotza, izan da erantzuna. Inor ere ez.

 

 

Igandea da. Igande eguerdia. Nora goaz, galdetu du Damianek eta, Lasartera, erantzun dio Urrutikoetxeak. Berasategui jatetxera. Alaba ezkontzen zaio gaur Aranbarriri eta hantxe aurkituko dugu, ezbairik gabe. Hementxe daukat epailearen agindua. Orain ez da libratuko. Zure lagunaren bila ere, bidean da beste patruila bat, polizia-etxean galdetuko dugu zer gertatu den hemen. Behar bezala.

        Gidaria nahastu egin da. Lupe, Damian eta Urrutikoetxea daramatzan autoa gidatzen duen ertzaina nahastu egin da, eta bere nahasmenduan jarraitu egin diote ondotik datozkien bigarren eta hirugarren ertzain-autoek ere. Andoaina arte jarraitu behar izan dute errepidean, biribilgune batean atzera egiteko berriro.

        Barkatu, jauna, esan du auto gidariak tenienteari begira, bide guztiak aldatu dituzte hemen egun batetik bestera.

        Hainbeste trafikorekin, ulertzekoa da, izan da Urrutikoetxearen erantzuna, gidaria barkatu nahian bezala.

        Berasateguiren jatetxera iritsi direnean, argazkilari andana ikusi dute kanpoko aldean. Gipuzkoako gizon handi guztiak daude ezteietara bilduta eta ez dute halako aukera bat iragaiten utziko. Gipuzkoako lore guztiak. Euren emazte eta lagunekin. Biharko egunkarietan albiste izango da Aranbarriren alabaren ezkontza eta bertara bildu diren gonbidatuen zerrenda.

        Lorategietara sartu dira ertzainak eta eten egin dute han gertatzen ari zena. Gonbidatu guztiak, xanpaina koktela eskuetan, denak zeuden adi Aranbarriren hitzetara. Aranbarri mikrofono batetik ari zen gaurkoaren egun handia azpimarratzen, aita bati pena ematen diola bere alaba beste gizonezko baten besoetan uzteak esaten, zer esanik ez alaba hori bakarra bada, baina bizi-legea dela eta zoriona baizik ez diela opa gaur ezkondu direnei, bere alaba Mirari eta Javier Casadevante suhiari, alegia. Eten egin du, ordea. Hitzaldia eten egin du ertzainak ikusi dituenean eta gonbidatu andanak egindako marmar handi batek bete du haren isiltzeak hartu duen lekua.

        Urrutikoetxeak hiru gizon ikusi ditu korrika. Lorategiko azalea eta hortentsien artetik ihesi. Haien ondoren joan dira ertzainetako batzuk. Segika.

        Aranbarri, ostera, mikrofonoa itxi gabe geratu da isilik eta, zer da hau, entzun dute guztiek, nire alabaren ezkontza egunean. Erotuta zaudete. Eskuburdinak jarri dizkiote, hala ere, besoak atzean hartuta, eta Damiani behatu dio orduan. Zeu zara, Arruti, zirko hau guztia muntatu duena, entzun da bozgorailuetatik.

        Argazkilariek sekulako bazka eduki dute, aukeran. Klik eta klik. Biharko egunkarietarako.

        Eta Damianek, gizonaren buruko ile zuriak ikusi ditu aurpegirantz erori eta kaskasoila agerian uzten. Eskurik ezean, lepoaz saiatu da gorantz egiten Aranbarri, ileak bere lekura eramateko ahaleginean. Soiltasunaren lotsa estali nahian. Eta lortu du. Eraman egin ditu ileak bere lekura, berriro ere eror daitezen istant bat geroago. Berriro ere, alboko ile luze horien azpian, larrua baizik ez dagoela agerian uzteko. Txorimalo umiliatu baino ez, Aranbarri jauna. Denen aurrean. Argazkilarien aukeran.

        Damianek orduan pentsatu du, ez dagoela bere lekuan. Zertan ari den galdegin dio bere buruari. Bere lekua ez dagoela hor, ertzainen ondoan. Berak etxean egon nahi duela. Huraxe bakarrik duela bere lekua, Zorionan, Necrobia rufficollis koleoptero eskuratu berriaren ondoan.

 

 

© Hasier Etxeberria

 


www.susa-literatura.eus