Intro

1

 

Hilda hago, pentsatu zuen Damian Arrutik, harriak baino hilago. Hilda zeharo. Neguaren azken eguneko arrats umela eta hotza zen Donostiako Poliklinikako aparkalekuan. Eguraldi zakurra. Eguraldi tigrea eta eguraldi krokodiloa. Denak batera egiten zituen. Arratseko zortziak eta hogei. Mendebalak indarrez ekarritako euri tantoak Jeep Wrangler beltzaren leiarretan eta gaineko plastikozko estalkian tarrapatatan. Hilda hago, Damian, pentsatu zuen, zeharo hilda. Ez daukak itzultzerik. Ezin duk deus. Ezin duk atzera egin. Ezer ez zagok jada hire esku.

        Damian Arrutik autoaren motorrari eman zion indarra beste ezeri erreparatu gabe. Automatikoki. Ez zegoen beste ezeri erreparatzeko moduan. Ezin zuen besterik ezer, pentsatu beharrik ez zeukaten mugimendu automatiko soilak baino. Automatikoak. Au-to-ma-ti-ko-ak. Besterik ez.

        Aldaba doktoreak bare-bare esana zion istant bat lehenago, kartzinoma ezkatadun bat duzu eztarriko hori. Ez kezkatu. Txikia da. Kendu egingo dizugu eta, zaintzen bazara, ez duzu zertan beldurturik egon. Luze biziko zara horregatik ere. Apurtxo bat zaintzen bazara, jakina.

        Kaka zaharra, ez naizela beldurtuko. Kaka zaharra, pentsatu zuen Damianek. Ba ote norbait munduan minbiziaren albistea estreinakoz entzun eta ikararik egiten ez duenik. Nor ez da izutuko gauaren aho beltzaren albisteaz. Non ote halako heroi burugaberik. Non ote denbora finitzearen usaina gardeniarenarekin nahasten duenik.

        Heriotzaren izenetako bat da kartzinoma. Beste bat da kito eta beste bat da akabo. Bukatu zaik denbora. Kaka zaharra, Damian. Kaka zaharra. Amaitu zaizkik aukerak.

        Asko aurreratu da minbizi kontuetan azken urte hauetan, dio Aldaba doktoreak. Egun batetik bestera agertzen dira tratamendu berriak. Amerikarrak doaz ikerketen aitzinean. Pasteur Institutuko frantsesak ere bai. Eta gu jakinaren gainean gaude beti. Gaur egungo medikuntza ez da lehengoa bezalakoa. Unibertsala da. Gaur berehala jakiten dugu Hong Kongen edo San Frantziskon aurkitutakoaren berri. Internet eta hori guztia. Badakizu denbora oso gutxian zenbat aurreratu den.

        Begira. Bideo honetan ikus dezakezu zerorrek zer daukazun eztarrian. Grabatu egin dugu zinta batean. Ez da gauza handia. Ikusiko duzu. Rewind. Play.

        Pause. Ikusten duzu ahots-kordan itsatsita ageri den puntu zuri hori. Bada, horixe da. Arroz ale baten ertza dirudi. Kendu eta aztertu egin beharko dugu baina ez zaitut engainatu nahi Damian, ia segur naiz kartzinoma ezkatadun bat dela. Halako itxura edukitzen dute ia beti. Play. Rewind. Pause.

        Hilabete egin beharko duzu hitzik egin gabe, mutu erabat, baina gainerakoan ez digu batere buruko minik emango. Oso-osorik kendu eta kito. Ikusi egin behar, hala ere, inguruetara zabalduta dagoen ala ez. Metastasia, badakizu. Hala balitz, okerrago. Ez dirudi, baina. Ez dizut besterik ikusi ertzetan. Garbi-garbi atera dezakegula ematen du. Stop. Anestesia beharko dugu. Hori bai. Ebakuntzarako, badakizu.

        Damianek ez zuen ezer ikusten ahal monitore urdinean. Ez arroz alerik eta ez ezer bestelakorik ere, bere eztarriko zuloan behera zuntz optikozko mikrokamerak grabatutako haragiaren irudi gorriztak baino. Haragi mukitsua. Lirdinga.

        Bereak ez balira bezala behatzen zituen monitoreko errai haiek. Ez zen bat-bateko albisteaz jabetzen. Ez zuen jabetu nahi. Ez zekien halako albiste bat nola jaso behar izaten den ere. Ez zegoen horretarako prestaturik. Inor egon ote daiteke prestaturik halako gauza baterako. Hil egin behar duela jakiteko. Uste baino lehen.

        Nahikoa lan zen malkotan zeuzkan begiak zapiaz xukatzen ibiltzea. Sudurraren ezkerreko zulotik atera berri zioten endoskopioaren kariaz zegoen hala. Ez bestelako negargura arruntaren bultzadaz, ez. Baina hori ere bazitekeen. Zergatik ez, bada. Zergatik ez zuen negar egingo. Umeek bezala. Esan berria zioten denboraren azken orena hurbil zeukala. Oso hurbil. Eta Sarako kanpandorrearen irudia piztu zitzaion bat-batean gogoan, Axularren esaldia eta guzti. Oren guztiek kolpatzen gaituzten arren, azkenak soilik eramaten gaituela hilobira, edo antzeko zer edo zer dioen idatzi goibel hori. Herri oso bati pesadunbrea egunero gogorarazten dion idatzi agintari hori.

        Medikuarengana etortzea erabaki arren, ez zuen pentsatu ere egingo halako ziraun luzerik sartuko ziotenik sudurretik barrura. Eztarrian behera, ahots-kordetan kilika egiteraino. Hodi beltz eta luze bat, muturrean kamera txiki eta guzti. Muturreko teknologia. Plastiko eta metalezko suge mehe bat. Malgua. Ez horren malgua, hala ere.

        Ez zuen sekula pentsatuko, besterik gabetan eta anestesiarik gabe, halako tresnatzarra sar zitekeenik pertsonaren tutu txikienetako batetik sudurrean behera. Gauza ohikoa balitz bezala. Harrigarria bezain bortitza egin zitzaion hori. Medikuaren hatzek —ezkutuan erretako tabakoaren usaina gordetzen zuten hatz haiek berek— lokarri teknologiko aurreratu bat sartu zioten bere gorputzarenak zirenik ere pentsatuko ez zuen hodi, tutu eta lekuetan barrena. Birjina bortxatu bati bezala.

        Magnetoskopioan berriro irudia jartzeko eskatu zion Aldaba doktoreari, ahal bezala eta anartean painelua eskutik gorde gabe. Paineluaren babes ahula eta bakarra galdu gabe. Musu zapia.

        Azkenean ikusi zuen, eztarriko haragietan itsatsitako arkakuso zurizta hura. Ikusi egin zuen mamu beldurgarriaren ertza.

        Gezurra zirudiela pentsatu zuen, berari halakorik gerta zekiokeenik. Gezurra zirudiela, arroz ale bat bestekoa ez zen munstro zuri-zuri hark osorik irents zezakeenik bera lako gizona. Play. Forward eta berriz rewind. Pause. Behin eta berriz, pause edo stop, begiratzearen begiratzeaz gaitza zegoen lekutik ezabatu ahal balitz bezala. Betiko.

        Rewind. Stop, eta azkenean eject. Bideo zinta eman zion Aldaba doktoreak eskuetara. Hau zurea da. Kontsultaren barruan sartzen da kopia bat emateko zerbitzu hau. Irteterakoan, ordaindu sarreran dagoen erizainari. Irene du izena.

        Ondo pentsatu baina lehenbailehen egitea komeni da. Ebakuntza. Ondo pentsatu baina nik ez daukat zalantzarik: oraingoz ebakuntza da bide bakarra. Bai. Dei iezadazu ahalik eta azkarren. Irenek emanen dizu telefonoa. Garaiz harrapatzen badugu, ez da larria izango. Ez da zabalduko. Horixe da garrantzitsuena. Zabaltzen ez uztea. Metastasiari bidea eragoztea.

        Hilda hago, Damian, pentsatu zuen berriro Damianek. Berrogeita hiru urte eta hilda.

        Hiltzeko gazteegia aukeran. Baina ba al da adin egokirik hiltzeko. Noiz izaten da hori. Zein tenoretan. Esan diezadala dakienak.

 

 

Hilda hago, pentsatu zuen. Bai. Hilda hago, Damian. Eta ez duk inor hitaz gupidatuko. Ez eta heu herori ere. Nor duk hitaz oroituko, bada. Nor hitaz arranguratuko, nor akordatuko. Izatekotan, etxekoak. Hurbilenak. Horiexek, izatekotan. Ez beste inor. Mundu osoan.

        Eta horrek ez dik baliorik batere. Ez duk hirea errenta. Denek duten ordain bera duk hori. Etxekoen gupida eta begiramen hori, berezkoa dik giza-abereak. Be-rez-ko-a. Edonori zor zaion gutxienekoa duk hori. Gu-txi-e-ne-ko-a. Hildakoan pena ematea, edonork zaukak. Zakurrek ere baditek halako zerbait. Za-ku-rrek-e-re. Etxekoen begiramena ez duk heuk irabazitako ezer. Inola ere ez. Etxekoen maitasuna doakoa duk. Airea bezala. Ai-re-a-be-za-la.

        Berezko maitasunaren babes eta aterpe mota hori asasino izugarrienek ere baditek. Munstroek ere bai, Damian. Quasimodok ere eduki zian baten batena. Ala horiek ez ditik inork maite izaten. Asasino eta munstro ankerrenak ere ez ote ditiztek maitatzen euren aitek eta amek. Euren gurasoek.

        Aitek ez beti. Badaitekek. Baina amek bederen, beti. Hutsik egin gabe. Esan iezadak bestenaz kasu bat historia guztian. Esan iezadak zein amak ez duen maitatu bere semea, bere alaba, bere umea. Ez ote maitasunaren lege hori maitasuna bera baino lehenagokoa. Oiloaren arrautza eta arrautzaren oiloa bezain sortzezkoa. Ez ote nahitaezkoa zomorroak zomorrokume zatarrena ere maitatu behar ezinbesteko hori.

        Hilda hago Damian. Zeharo hilda. Ez daukak itzultzerik. Hondartzan galtzera abiatuta dagoen uhina haiz. Haizeak ekarri hau honaino, oharkabean. Ez haiz orain arte jabetu. Baina hortxe hago. Akaberaren hasieran. Amaiera daukak aurrean, finiera baino ez, begien aurrean. Ez daukak atzerakorik, inolaz. Ezin duk egin beste inora, nahita ere. Hondarretan ahitzera hoa. Edo bestenaz, goitik behera abailan doan harria haiz. Hondoa noiz joko.

        Hondoa jo arteko denbora bakarrik daukak. Horixe bakarrik duk hirea. Denbora laburra. Denbora motza. Denbora etena. Ez daukak gehiago. Hondoa jo artekoa baizik ez. Eta hondora hoa. Abiatuta hago. Hurbil daukak. Uste baino hurbilago. Ala iritsita hago dagoeneko, horko behe horretaraino. Ukitua al duk jada oinazpiez.

 

 

Ospitaleetako errepidean behera doa, Basterretxearen metalezko uso zuri eta handirantz zuzen, estadio aurreko bidegurutzera. Ezeri erreparatu gabe, ezertaz ohartu gabe. Ez eta gau itsusiari eta Aitor Zabaletari eskainitako eskultura ezin zatarragoari ere. Hura ere kito. Uste ez zuenean. Pentsatu du.

        Automatikoki hartu du eskuinerantz, bariante berritik autopistarantz. Etxerantz. Ia inor ez dabilen errepideetan. Ez da giro. Bai. Bihar hasiko da Udaberria baina gaur ez da giro, pentsatzen du une batez, eta grazia egiten dio hain egoera larrian, eguraldiaz eta trafikoaz gogoeta egin izanak. Beldur handiaren aurrean, ostrukak zuloan babes. Zer egingo du baina. Nork daki behar bezala jokatzen Heriori muturra lehenengo bider ikusitakoan. Zein da hemen jokabide zuzena.

        Ez du bere burua ezagutzen. Arrotza da. Eztarriko polipoak begiratzera joan da medikuarengana. Aldabarengana. Hiriko espezialistarik onenarengana. Polipoak eta pulpoak, olagarroak esan beharko ote euskaraz. Eztarrian olagarroak dauzkat, alegia, mediku jauna. Ez dizu graziarik egin. Ez didazu izkirimiria ulertu, Aldaba jauna. Eta gaitz arinaren lekuan minbizia gainean duela irten da kontsultatik. Olagarroen ordez, xabiroiak eztarrian. Edo arrabioak, edo kobra sugeak. Batek jakin. Denak txarrak horiek. Ezin txarragoak.

        Lehenengo aldia da heriotzaren begiak hain ustekabean ikusi dituela, muturraren aurrean. Ez daki nola jokatu. Ez daki zer pentsatu. Kanpoko eguraldiak baino gehiago lausotzen du bere adimena Aldabak emaniko albisteak. Kartzinoma ezkataduna daukazu, eztarriaren erdian. Ez-ka-ta-du-na. Ez edonolakoa gero. Kartzinoma ezkataduna, Damian. Izorrari Pello Mari. Kantzerra, mutiko. Doako erregaloa, zerutik behera eroritakoa. Kaka zaharra. Bai, kaka zaharra, horixe.

        Irratia piztu du baina ez du deus aditzen. Eguneko albisteak marmarkatzen dihardute dialean. Zortzi eta erdietako albistegia da Euskadi Irratian, esan eta izan, baina Damianek ez du aditzen Gazan hildakoen gertakaririk. Ez da jabetzen Etxegarateko tunelerako eginiko inbertsioaren garrantziaz. Ez du aditzen, asfalto metro koadro bakoitzak auto garesti baten prezioa beste balio duenik. Horixe balio du. Kasurik ere ez dio egiten, bere emaztea guardasol batez astindu duen diputatu sozialistaren kontuari. Aterkiaren muturrarekin. Ia entzun ere ez du egiten irratiak esaten duenik.

        Polloeko lehen tunela du aurrean, autobidean. Ezpain zuri margotu berriak dituen aho beltza dirudi tunelak. Eta kamioi poloniar handi bat aurreratzen du ezkerretik. Pölskatrans irakurtzen du ozta-ozta kartolaren atzeko aldean. Eta TIR letra handiz. Transport International. Gero beste bat. Portugaldarra da. Veiculo longo. Aurreratu eta berriro jartzen da eskuineko aldean. Polloeko tunelean, Donostiako hilerriaren azpia gurutzatzen duen tunelaren barrenean.

        Hormak zuritu berri dizkiotela ohartzen da. Zuriz janzten dira ekialdeko herrietan dolua agertzeko. Beltza baino alaiago da, behintzat, gure artean. Exotikoagoa, gutxienean.

        Tuneletik irtenda, Intxaurrondoko kuartelaren parera iristen ari dela, eztanda bat, eta bi, eta hiru... eta sei. Sei leherketa lehor autopista ondoko belardian. Artzenetik metro eskasetara. Damianen autoa doan lekutik bost metro doitara edo. Nonbaitetik berari tiroka ari direla dirudi. Berariaz. Hain hurbil eta hain errenkadan eztandak, bere bidean. Bere kontra.

        Ez dago astirik deusetarako. Hori ona da. Ez dago pentsatu beharrik. Ez dago aukerarik. Aurrera egin baino ez. Gorputzak badaki nola. Zangoak badaki nola. Senak badaki nola. Giza-abereak badaki nola. Erreakzionatzen badaki. Akabo bestela.

        Jeepa ez da auto arina baina dardara eragin diote leherketek. Agintea galdu du ia Damianek bolantean. Kristalak lokatzez zipriztindurik geratu dira, eskuin aldekoak eta haizetakoa batez ere. Autoaren gaineko oihala, zer esanik ez.

        Bazokaz jaurtitakoak granadak edo antzeko zerbait izan direla pentsatu du, bizpahiru bere autoaren gain-gainetik iragan direla sumatu baitu. Ia txapa igurtziz, toldoa ferekatuz, irratiaren antena kizkurtuz. Zangoak dardara batean dituela, sakatu egin ditu balaztak barruraino. Albo batera egin dio autoak ozta-ozta, eskuinera, motorra ito baino lehen. Zup.

        Inor ez da ohartu gertatutakoaz. Biharamuneko egunkarietan ikusi arte, ezin izango du baieztatu gertatu zaiona benetan gertatu zaionik. Berak ere ezin du sinetsi. Nola sinetsiko du, bada, inor bazoka batez tiroka aritu zaionik berari. Damian Arrutiri. Kasualitatea. Kuartelaren kontrako granadak, bere gainera erori dira ia. Ia, ia.

        Atzetik zetozen gidari poloniarra eta portugaldarra ez dira deusetaz ohartu, ez dute granada lehertuen zipriztinik ikusi eta tutua jo diote lotsagabeki eta ozen, dagoen lekutik bazter dadin ertzerago, autobidean trabarik egiteke. Argi luzeak eman eta kenduz, eman eta kenduz, eman eta kenduz, esan diote bidetik albo batera alden dadila fite. Gidari baldar honi. Eta txofer portugaldarraren hatz luzea ikusi duela begitandu zaio, kamioiaren leihotik zutik zerurantz. To, sar ezak hau, esaten diola. Popatik, jakina.

        Giltzari eman arren, Damianek ezin du autoa berriz martxan jarri. Autoak ez du ibili nahi.

        Eskuetan dardara. Zangoetan dardara. Adimenean dardara. Ez du atertu nahi. Igelak ere itoko dituk autopistaren erreten hauetan. Pentsatzen du.

        Bizirik hago, Damian, pentsatzen du. Oraino bizirik, euripe itsu honetan.

 

 

Hondarribiko golfaren inguruan bideak ilun zeuden. Beltz. Argindarra etengo zuen ekaitzak. Arbola eroriren batek. Bide bazterretako farolik gabetan, ohiturak emandako ezagutza zuen gidari Damianek bide haietan, egunero ibiltzen zituen bide okerretan. Etxetik mundura eta mundutik etxera. Atzera eta aurrera. Begiak itxita ere ez zen galduko bazter haietan. Autopistaren irteeratik etxerako bidean.

        Atarira iritsitakoan, garajeko ataka automatikoa ez zebilela ohartu eta eskuz jaso behar izan zuen altzairuzko xafla astuna. Argindarrik gabetan alferrik dituk aurrerapenak, Damian. Argos etorri zitzaion zaunka arrapaladan, eta euripean hanka lokaztuez egin zion agurra nagusiari. Gabardina erabat bustia zikinagotuz. Honezkero berdin duk gehiago zikinduta ere, pentsatu zuen. Ez nauk gehiago bustiko, txakur kaikua. Toma hemendik. Alde. Pasa txokora, esan zion irmo zakurrari, ostikoaren imintzioa eginez.

        Autoaren argiak emanda laga zituen atearen sarraila irekitzeko. Argi haren menera, euri tantoek ez ziruditen euri. Intsektu hegalari dirdaitsuak, euri tantoak. Edo ilunpetako perlak, bestela. Une hartan itzuli zen argindarra, ordea, eta piztu egin zen norbait sumatzearekin batera isiotzen den argi automatikoa. Ustekabean itsu, argiaren eguzki piztua begietan. Etxean sartu, atea itxi, gabardina zoko batera bota, oinetakoak erantzi eta telefonora abiatu zen zuzen. Erantzungailuan play.

        Ama nauk. Ez didak aspaldi hots egin. Zer moduz habil. Aitaren partez goraintziak. Piit. Damian, c'est moi, Véronique. Piit. Arruti, soy Jose Mari, el de los seguros. Se trata de la renovación del seguro de la casa. Llámeme cuanto antes. Piit. Arruti jauna, Urrutikoetxea tenientearen partetik deitxen disut. Ahal dusunean deitxeko berari. Piit eta piit luzeago bat, amaitzeko. Mezu guztiak entzunda daudela adierazteko.

        Hago horretan Urruti. Itxaron beharko duk bihar goizera arte. Ni hilda nagok eta hildakoek ez ditek hitz egiten telefonotik. Are gutxiago honelako eguraldi zakurrarekin. Hilda nagok egiazki. Hiretzat. Mundu guztiarentzat. Eta neronentzat.

        Telefonoa belarrian hartuta, Véronique, est-ce que tu peux venir chez moi, vite. Oui, maintenant. Oui, s'il te plait. Esaten du. Merci, ma jolie. Klik. Etortzeko lehenbailehen etxera. Bere ondora. Mesedez eta faborez. Otoi. Lehenbailehen, Véronique.

        Kartzinoma. Izena ere baduk hori. Ezkataduna gainera, legatzak, lupiak eta korrokoiak bezala. Munstro ezkataduna. Munstro korazatua.

        Damianek poltsikora sartu du eskua zigarreta bila. Keinu mila bider errepikatua da hori. Peter Stuyvesant gorria. Begira geratu zaio paketeari. Las Autoridades Sanitarias advierten que el tabaco perjudica seriamente la salud. Advierten que ala advierten de que behar luke zuzen egoteko. Zalantza. Gaztelaniaz.

        Tximiniara joan eta sua pizteko pastilla baten gainean ezarri du tabako pakete zigarretaz betea. Sua piztuko du. Hobeto pentsatu eta paketea ostera eskuetan hartuta, banaka atera ditu zigarreta guztiak kaxatxotik. Berriro jarri du pakete hutsa pastillaren gainean eta beraren gainetik abarrak eta haritzezko hiru edo lau enbor zati eder. Su eman dio denari. Begira geratu zaio garrari eta keak egiten duen zirimola kotoizkoari. Lehenengo bat eta gero beste bat, zigarreta guztiak sutara bota arte ez du amaitu. Bat-banaka. Mendeku txiki bat, hamabi urte zeukanetik irentsi duen ke guztiaren aurka. Mendeku alferrikako bat. Kea ezin baita ukabilkadaz kolpatu. Madarikatu baizik ezin da egin kea. Edo zurrupatu.

        Ez dut gehiago zigarretarik erreko esan, jangelako arasa batetik metalezko kaxa bat jaso, eta handik zigarro puru bat hartu du. Ez da handia. Ez da txikia. Ertaina da. Wilde La Paz. La Habana. La Autoridades Sanitarias advierten que fumar provoca cáncer. Que ala de que behar luke orain ere ondo idatzita egoteko. Zalantza. Gaztelaniaz.

        Hemendik aurrera, zigarro puruak baizik ez. Txokor habanoak huts-hutsik, ez dut besterik erreko. Eta piztu egin du zigarro puruaren muturra tximiniatik ateratako txotx luze baten suarekin. Keak munstroari fereka egin diola iruditu zaio, eztarrian behera iragaitean. Lehen ez zekien bazenik ere. Kartzinoma ezkataduna. Orain badaki. Badaki ederki.

        Maiuskulak behar ote dira Autoridad Sanitaria idazten den bakoitzean, pentsatu du. Zalantza. Gaztelaniaz.

 

 

Etxeak hutsagoa ematen du halako eguraldi beltzarekin. Eo, eo, eo. Bakardadeak bakardadeago. Ago, ago, ago. Halakoetan deitzen dio, batez ere, Véroniqueri. Véronique, Ziburuko adiskideari. Ziburuko zoroari. La folle. Utziz gero, alkoholetan itoko litzatekeenari. Arnasa hartzeko ere isiltzen ez den Véroniqueri. Zimurtzen hasitako neskari. Halako abaguneetarako geratzen zaion lagun bakarrari. Ari, ari, ari.

        Gero eta gehiago, hain sarri irakurri ohi dituen nobeletako pertsonaien antz handia daukala iruditzen zaio. Berrogei urtez gorako pertsonaia tipikoa baino ez da, bizitzaren harietan harrapatuta, azken finean. Hainbeste eleberritan ezagutu dituen gizonezkoak bezalakoa baino ez da. Paul Austerren eleberrietan bezala, esaterako. Gertatzen ari zaion dena, berari baino, Damian Arruti izeneko protagonistari gertatzen ari balitzaio bezala sentitzen du. Benetan berari ez balegokio bezala edo, hobeto esanda, bera ere baden pertsonaia literarioak bizi duela hori dena, baina ez egiazki berak, bere azalaren barruan bizi den gizonak.

        Horregatik pentsatu du hasieran egokiena arnasa metafisikoa erabiltzea dela. Gertatzen zaion guztiari aurre egiteko estiloan, heriotzari aurrez aurre begiratzeko eran, goi arnasa moduko bat erabili behar lukeela. Kafka, Nabokov edo Gidek idatzitako eleberrietako biztanleek egiten duten eran. Edo, gutxienez, Roth edo Carverren narrazioetakoek bezala jokatu beharko lukeela. Ezin, ordea. Estilo kontua da. Estilo kontua baizik ez da. Eta berea, bere estiloa, ez da batere metafisikoa. Ez da nobela handietakoa. Aitzitik, bere estiloa guztiz dela korapilorik gabekoa, erabaki du. Sotil-sotila. Batere goi-arnasarik gabekoa. Mundutarra zeharo. Horregatik bururatu zaio, besterik pentsatu gabe, Véroniqueri telefonoz deitzea. Haragiaren auzotasuna eta babesa eskain diezaiokeen lagun bakarrari. Metafisikaren ordetan, urgentziazko berotasun primario apur bat baizik eman ez diezaiokeen emakumeari. Ari, ari, ari.

        Ez du inork zertan ezer jakinik, pentsatu du ondoren. Kartzinomaren kontu hori ez dio inori esango. Zertarako. Baten bati kontatzeak gaitza uxatuko balio, mereziko luke. Gainontzean ez. Zeini ardura dio bere eztarriak. Damian ez da Ainhoa Arteta.

        Amari eta aitari, akaso bai, esan behar lieke. Ezta horiei ere. Zertarako. Horiei bai ezetz. Horiei, batez ere, ez. Ez eta ez. Semea eurak baino lehenago hilko dela pentsatzen has daitezen. Ama egunero negarrez alboan edukitzeko. Haren begietan hil beharraren miseria biderkatuta ikusteko. Munstroa iristen denean iritsiko da eta orduan ikusiko, ez lehenago. Ala, iritsita dago gaurgero.

        Sukaldera abiatu eta hozkailuan begiratu du. Omeleta baten zatia ageri da. Hotza baina omeleta, azken finean. Bakailaoarekin. Katalinak lagako zuen, eurei afaritan sobratutakotik. Goiz afaltzen dute horiek. Katalinak eta Moisesek. Olamendi baserriko maizterrak. Auzoak. Garbitzaileak. Lorezainak. Damianen etxeko zelatariak. Damianen beraren zaindariak. Salbatzaileak. Aingeru guardakoak. Moises eta Katalina. Berak irabazten duen soldataren herena ordaintzen die ia. Emazte bati baino gutxiago, hala ere.

        Bigarren herena, etxe handiegiak irensten dio hilero. Hamar urte iragan dira jada eta oraindik zorretan. Beti zorretan, etxeari loturik sekulorum sekulotan. Etxea da gaurko Sisiforen harri berria, aurrezki kutxek ekarria. Erosi baino garestiago salduko luke orain, hirukoiztuta ziurrenera. Diru zakukada eder bat, baina nora lihoake leku horretatik. Ez da erraza onetik txarragorako bidea. Alderantzizkoa hobe, betiere.

        Golfeko urbanizazioan bizi nahi zuen Jaionek, kosta ahala kosta. Ez dago halako leku ederrik munduan, esaten zion. Hiria hurbil, hondartzak pauso batera. Nafarroa eta Donostia hortxe. Iparraldea bertan. Ez gara inon biziko golfean bezain ondo, Damiantxo. Bai Jaione, bai Jaione, zuk nahi bezala Jaione, atera zitzaion Damiani arrapostu ahotik azkenean.

        Berari bost axola. Zer demonio. Ez zen leku txarra Hondarribiko golfa. Golf jokalariak kenduz gero, jakina. Ez zen batere paraje makala. Belardiak eta hariztiak, Jaizkibelen magalean. Zaratetatik urrun. Etxe bat hemen eta beste bat dezente harantzago, hirietako eromenik gabe. Bake santua. Behar zenerako, gainera, autopista urrats batera eta auzoak, ia gehienak, sekula ikusten ez diren horietakoak. Satorren jenerokoak. Zeu damutuko zara ni baino lehenago, Jaione, esan zion. Zeu zara etxean geratu beharko duena. Niri antzerako zait hemen edo han, zeurekin baldin banaiz, maitea.

        Hori ez da arazo, Damian. Konponduko naiz. Ederki, gainera.

        Konponduko naiz. Kaka zaharra, konponduko naiz. Hiru urte ere ez osorik. Etxea gainera zetorkiola. Udan, igerilekuarekin eta familiartekoen bisitekin tira, baina neguan ezin zuela hainbesteko isolamendua jasan, lagunak aspertzen hasi zitzaizkiola betiereko bisitan. Epea luzatzenago zela, bisita batetik bestera. Auzoko Katalinak ez zituela gauzak berak agindu bezala egiten. Handik hanka egin nahi zuela lehenbailehen. Erabaki okerra izan zela halako etxe handia eta urruna erosi izana. Bai, bazekiela berak eskatuta hartu zutela erabakia, baina, zer nahi duzu, Damian, gezurra esaten hastea. Hobe zutela hura saldu eta etxebizitza bat hartzea Donostiako zentro aldean. Itotzen ari zela horma handi haien artean. Kaka zaharra eta kaka zaharra.

        Azkenean nire eulien bildumek edukiko dute kulpa, esan zion Damianek. Bai, horiek ere bai. Horiek batez ere, erantzun zion Jaionek. Higuintzen naute zure euli horiek guztiek. Zuk ezin duzu besteak bezalakoa izan. Ezin dituzu pintura edo altzari zaharren bildumak egin. Euli horiek behar dituzu derrigorrez inguruan. Bost axola niri Europako bilduma handiena bada ere. Eta ez esan derrigorrezkoak dituzula zure lanean. Zuretzat baliteke, baina zertarako behar ditut nik euliak. Nire etxean. Nigatik balitz, Arantzadiri eman eta akabo. Horixe esan zion Jaione ederrak, Jaione betikoak. Arantzadi Zientzi Elkarteari eman beharko lizkiokeela bere euli bilduma guztiak, hildakoak eta biziak. Guzti-guztiak.

        Ez sartu nire euliekin, erantzun zion Damianek. Bazenekien lehendik horren berri. Nire bilduma ez da gaur goizeko kontua. Ezagutzen nauzu aspalditik. Ez etorri orain eulien aitzakia horrekin. Hitz eginda genuen hori aurretik.

        Aitzakia baino gehiago dira, Damian. Etxe honetan zu itzuli arte egun osoan bakarrik egon beharra eta euli horiek nonahi, hau ez dago eramaterik. Auzoak beste modukoak balira, behintzat. Gure antzeragokoak. Baina Moises eta Katalina, baserritar horiek, ez dira niretzakoak. Oker begiratzen didate. Ez naute berdina ikusten.

        Ez zarete berdinak eta. Zer dute, baina, txarrik Moisesek eta Katalinak. Begi okerrez hartu zenituen lehen egunetik. Ordea, jende jator askoa da hori. Eta euliak ez daude nonahi. Euren lekuan daude, beheko gela txikian eta garajearen ondoko sotoan. Ez aipatu niri Arantzadiren konturik. Ez esan niri halakorik, Jaione. Badakizu hori.

        Dena izan zen alferrik, ordea. Azkar bihurtu zen hasierako pitzatua amildegi. Amaren Donostiako etxera itzuli zen Jaione eta bere euli bildumarekin geratu zen Damian, golfaren erdian bakar-bakarrik. Golf jokalarien pilota galduek soilik egiten zioten bisita. Eta Véroniquek.

        Damianek egiaztatu egin zuen, orduan, ez zuela ezagutzen bere emaztea. Bere emazte izandakoa. Hurrik ere ez ziola eman bere besoetan hainbeste bider edukitako hari. Ezen Donostiara itzultzearekin batera, kapulutik irtendako emakumearen bizimoduari heldu baitzion Jaionek. Lehenagoko guztiarekin fitsik zerikustekorik ez zeukan bizimoduari. Damianen ondoan iragandako urte haiek Orfidal-aren lainopean iragandakoak balira bezala. Kezkoak. Gezurrezkoak. Ametsetakoak. Benetan gertatu gabekoak izan zirelako, lehenbailehen ahantzi beharrekoak bailiran.

        Zoriona jarri genion etxeari izena letra zuriz atarian, esan zuen Damianek. Zoriona. Kaka zaharra, zoriona.

 

 

Dutxa bero azkar bat eta etxean egoteko arropak. Aurki da Véronique atean. Galtzen ez bada bidean.

        Ez zaitzaket maita Véronique. Maite zaitudan arren, ezin dizut esan maite zaitudanik. Ez da zugatik Véronique. Nigatik da hori. Ez dezaket inor maita. Edo, bestenaz esanda, denak zaituztet maitatzen. Zu ere bai, Véronique. Nola ez, bada. Baina zer da jakin nahi duzuna. Denek nahi duzuen bera nahi duzu jakin zeuk ere. Maitea zarela. Ezin da, ordea. Nirekin ezin da. Ezin dut esan. Ezin dut ezpainetaraino ekarri. Eta esango banu ere, ez litzateke egia osoa. Ezin baitut maite nehor inoren gainetik. Zu ere ez Véronique bihotzekoa. Zu ere ez. Beldurra ematen dit. Maite ote zaitudan nahi duzu jakin. Jaione maite izan nuen beste maite ote zaitudan. Edo gehiago. Bai, maite zaitut. Badakizu. Hori al zen dena. Bada, badakizu. Maite zaitut. Ez besterik.

        Maite ditut zure begiak eta maite ditut zure arnasa eta hortzak. Maite zaitut zu zeu, gogaitzen nauzun arte. Maite zaituztet denak. Eta zu bereziki. Bai horixe. Baina, Véronique, ezin da hau izan amodioa deitzen duten hori. Hori ez dakit zer den. Ezin dut jakin. Ez baitut nehoiz kausitu haren dardararik nire baitan, Véronique. Jaionerekin ere ez maitasunik, Véronique. Harekin ere ez. Beste guztiekin ere ez, Véronique. Amodiorik ez dute inoiz kausitu itsu honen begiek.

        Neu izanen naiz ezindua, pentsatu du Damianek bakarrizketaren erdian, eta ez da batere harritu hainbestetan heldutako leku berera iristearekin. Bera da ezindua eta ezgauza. Maite ditu emazteak, bai. Ezin haiek gabe. Baina gauza bat da gosea eta bestea janaria. Gauza bat da beharra eta beste bat asetzea. Zer gertatzen da, baina, asetakoan. Nola deitzen zaio bakarrik geratzeko gogo gotor horri. Hurkoa alboan gehiegizko gertatzeari. Bestearen altzoan ezin geratze horri. Bakar-bakarrik geratzeko behar ezinbestekoari. Existitzen al da desamodioa. Edo bestela esanda, desamodioa dagoenean ere, amodioa egiazko ote oraindik. Horri esaten al diote besteek amodio. Zeharo etorri gabe, alde egin duenari. Desamodioari.

        Damianek ez daki.

 

 

Ama, bai, entzun dut zure mezua. Zer moduz zabiltzate. Ni ongi, bai. Dena ongi. Ez, zaude lasai, ez daukazu etorri beharrik. Neu joango naiz zeuenera, halako batean. Astirik gabe nabil aspaldian, badakizu. Beti bada zerbait. Bai Ertzaintzarekin ere bai. Ertzaintzarekin batez ere, aspaldiko honetan. Ez, Guardia Zibilekin ez. Horiekin ez, zaude lasai. Besteekin ere ez. Polizia Judizialarekin ibiltzen naiz ni, ibiltzekotan. Baina gero eta gutxiago horiekin ere. Gehiena Ertzaintzarekin, bai. Esan dizut mila bider. Ez, ez nau inork hartuko kolaboratzailetzat. Txibatotzat ere ez. Nire lana bestelakoa da. Hori ere esan dizut mila aldiz. Nirea lankidetza profesionala da, ez besterik. Ez du politikarekin zer ikusirik. Beste gauza bat da. Eulien kontuekin jarraitzen dut, bai. Forentseekin ibiltzen naiz batez ere. Bai, eta epaileekin ere bai. Ez, ez da hori. Ezetz. Bai, badakit gehiago gustatuko litzaizukeela baina ez daukat fakultatera itzultzeko asmorik. Izorra daitezela ikasleak. Amaitu zen hori. Betiko. Noiz ohituko zarete. Beti berdin. Bai, kontuz ibiliko naiz. Agur, bai. Musu bat zuri eta beste bat aitari. Klik.

        Mikrouhin-labean berotu ala ez berotu. That is the question. Omeleta hotza hobe, mikrouhinek alferrik galdutakoa baino. Ogirik ez inon. Gogorrik ere ez. Izoztutakorik ere ez. Bimbo zaharra soilik. Eta edateko zer. Erretzeari buruz ez bezala, Aldabak ez du deus agindu edatearen kontuaz. Bi lekutatik joango dira kea eta ardoa, alkohola eta nikotina. Bat hemendik eta bestea handik. Seguruenik.

        Ardoa Bordelekoa. Bakailaoarekin Bordelekoa. Bai, gaur Bordelekoa. Hauxe bera, Château Lagarde, laurogeita hemezortzikoa. Zergatik ez, bada. Hilda hago Damian, hilda. Egin ezak apeta.

        Zer ote du orain gure tenienteak. Zer ote du Urrutikoetxeak. Ez dit telefono higikorrera deitu. Berak jakingo du. Ezer onik ez, oraingoan ere. Seguru. Herenegun ez zidan deus esan. Kontu berriren bat edukiko du. Gorpuren bat aurkituko zuten putzuren batean ustelduta. Beti bezala. Zikinkeriaren bat. Seguru-seguru.

        Ez da makala Château Lagarde hau. Handietakoa ez baina lotsa gutxi dauka honek edozeinen ondoan agertzeko. Ireki eta denboratxoa egin ostean hobea, gainera. Hobea hirugarren basokada, lehenengoa baino. Eztarriko bidea garbitu eta gero. To hau ere, kartzinoma ezkataduna. Ardoa ere gustuko al duk. Mozkor hadi. Hordi hadi. Ito hadi. Akaba hadi, xabiroi halakoa.

        Zergatik ez da iritsi Véronique. Harritzekoa da Ziburutik hona hainbeste denbora. Muga itxita egongo da igual, hainbeste kamioirekin. Baina gaur ez zebilen horrenbeste. Ostirala edo astelehena balitz, okerrago. Hor ere egin beharko lukete zerbait, muga alde horretan. Egunero hamar mila kamioi baino gehiago, atzera eta aurrera. Baina nola egingo dute ezer, bada, ezgauza baldin badira. Diputazioa dela, Gobernua dela, Udala dela, hura Frantzia eta hau Espainia direla... beti berdin. Orain daudenek ez dute deus egingo eta gero etorriko direnek ere ez. Denak berdinak dira, izan bateko ala besteko. Guztiak makalaren ezpalekoak.

        Mugarik gabeko Europa dute orain hitza. Europa. Kaka zaharra, Europa. Ate guztiak ixten nahikoa lan. Eta Afrikako zuloetatik etortzen bada baten bat, egurra. Besterik ez dakite horiek. Egurra ximinoari. Ikusi nahi nituzke eurak hanka hutsik eta banana bati helduta. Presidenteak, lehendakariak eta politikariak denak. Banana bati helduta eta hiruzpalau mukitsu goseti zintzilik praketatik. Aita gose naiz. Begira, sabela puztu zait. Sukarra daukat. Beherakoa daukat. Mina daukat buruan. Gorputz osoan. Zer gertatzen zait, aita. Orduan emango nieke gustura Europa. Ipurtzulotik Europa. To Europa.

        Baina ez. Ez da arriskurik. Beti gora eta gora horiek. Eta paretik kendu behar diren bakoitzean, to aulkitxo bat hemen eta to beste bat han. Hau ala beste hango hura nahiago. Nahi duzu Doctor Honoris Causa izan. Kaka putza Honoris Causa. Kaka putza. Administrazio Kontseiluko presidente nahiago. Kaka putza hori ere.

        Eta besteak. Gure heroiak. Konponduta gaude horiekin ere. Ia akabatu naute gaur bertan. Intxaurrondoko kuartelari baino neuri apuntatzen zidatela ematen zuen. Horretan ere baldarrak. Trakets hutsak. Apurtzen abilak, horixe dira horiek. Dinamiteroak. Eraiki dezatela besteek. Beti gaizki, jakina. Eurak agintzen hasten direnean, Jainkoak ez dezala nahi, ikusi nahi nuke nik Stalin ala Pushkin, zein duten jabe.

        Anormalak gara gu. Totalekoak. Ganorabakoak. Merezi duguna baino ez daukagu. Zer nahi duzu, bada. Etsaiak disimulatu ezinda dabiltza, sortzen diegun barregura. Kakanarro irrigarriak gara. Merezi duguna, horixe daukagu. Ez besterik. Izorrari Pello Mari.

        Bozina hotsa. Hor da Véronique. Atea zabalduko diot eta Argos lotuko. Château Lagarde. Eskerrak neuk amaitu dudan botila. Hasi eta buka. Bestela Véroniquek bi minututan kito. Horrek ez daki egarririk asetzen. Leize bat da horren eztarria. Château Lagarde. Kaka zaharra, Château Lagarde.

 

 

Bonsoire Véronique, commant vas toi, esan zuen Damianek. Ahaztu baino lehen, paper hau ekarri dut zuretzat eta Post-it hori bat luzatu zion Véroniquek eskura. Aurkitu zuela, azkenean. Lilleko entomologo bat zela. Floch jauna. Hortxe, paperean idatzita zeukala haren izena, helbidea eta telefonoa. Berak lortzen ahal zizkiola bildumarako falta zitzaizkion larbak eta euliak. Edo, behintzat, erakutsiko ziola horretarako bidea. Frantzia osoko euli bildumarik handiena ei dauka hark. FR3-an ikusitako erreportaje bati esker atera zuela haren aztarna.

        Véronique, Véronique, mespretxua ordaintzen daki beti urrearekin. Besarkadaren beroarekin. Emearen zeru lurrezkoarekin. Véronique, Véronique zatoz barrura nirekin. Véronique, Véronique, gu biok elkarrekin.

        Edan egin duela nabaritu dio Véroniquek. Bordeleko mikatza duzu ahoan gora, erran dio. Eta tabakoaren usaina. Ez duzu sekula bakarrik edaten. Zer gertatzen zaizu, Damian.

        Deus ez, Véronique, deus ez. Eguraldi honekin eta etxean bakarrik, ez zen giro. Horregatik deitu dizut. Zer moduz bidaia. Kamioi asko egongo zen mugan. Muga puta. Kendu zutela baina beti dago hor. Kaka zaharra, muga. Hara, zatoz. Sua piztu dut tximinian. Beste botila bat irekiko dut nahi baduzu. Château Lagarde.

        Ezetz Véroniquek. Bihar goizean goiz ibili behar duela eta ezetz eta ezetz. Baionan egon behar duela zortzietarako, garraio tratu bat ixten. Ireki egin du, hala ere, botila Damianek. Château Lagarde. Kaka zaharra, Château Lagarde. Biek edan dute. Hustu dute. Ia ezer esan gabe. Begiak beheko sutan lo.

        Zer duzu, Damian, galdetu dio berriro, tximiniatik behakorik kendu gabe. Deus ez, Véronique, deus ez. Ardoak ez diola isilik geratzeko erabakirik aldaraziko, pentsatu du Damianek. Gordean behar duela bere gaitzaren albisteak. Kartzinomaren berriak. Goazen ohera, gauerdia da-eta.

        Besarkatu egin du Véroniquek izarapean eta besarkatu egin du Damianek ere emakumea. Ni ez naiz emagaldu bat, esan dio Véroniquek halako batean. Nire bakardadeaz profitatzen zara, Damian. Ezagutzen ditut zu bezalako beste gizonezko batzuk ere. Bakardadearen astinduak eragindakoan bakarrik oroitzen direnetakoak.

        Ni ere bakarrik nago, erantzun dio Damianek. Bai, baina nik maite zaitut, Véroniquek. Maite zaitut, Damian. Nik ere bai zu, bukatu du Damianek. Ez gaitezen berriro kontu horrekin hasi.

        Ez dute deus besterik esaten, ez dute deus egiten. Elkarri itsatsitako bi gorpu bero diruditen haragi erdi hilak baino ez dira. Bi gorputz lotaratu, elkarrenganatu. Besterik ez. Halaxe egon dira, denbora luzean, bata bestearen arnasa ardozkoaren kulunkan. Inon aurkitu ezin dena, bestearengan atzeman nahian.

        Argia amatatzerakoan, begietara behatu dio Véroniquek eta berriro egin dio lehengo galdera bera. Zer daukazu, Damian. Zer daukazu gaur. Ez zara betikoa. Deus ez, erantzun dio Damianek, deus ez.

        Bizkarra eman dio orduan emakumeak Damiani mantapean. Elkarren arteko kulunkatik ihesi. Besarkada etenda.

        Damian sabaiari begira jarri da atetik sartzen den su dantzariaren argizko eragina ikusteko. Sokratesen edo Platonen gerizak ikusi ditu ballet betean. Zuzen ez daki norenak ziren itzalak, Platonenak ala Sokratesenak, ardoaren magalean.

        Kartzinoma bat daukat eztarriaren erdian, esan dio orduan. Kartzinoma bat, kaka zaharra. Kartzinoma bat, Véronique. Ezkataduna. Ziburuko portuko korrokoiak bezalakoa.

        Eta argia amatatu du, klik.

 

 

© Hasier Etxeberria

 


www.susa-literatura.eus