Hona etortzekoa zela gau batian esan zidan Sakik. San Juanak pasa berriak, ostirala zela uste dut eta, lagunekin Keiza aurrian eserita geundela, hura nere ondoan jarri zen eta, besoa lepoaren bueltan jarrita: Ze Tximi, esan zidan, lan eta lan?

        Zera, esan nion, astelehenetik aurrera oporrak zauzkat.

        Motel, esan zidan, ondo ziok hori! Da, noiz arte dituk?

        Hamabost egun, esan nion.

        Pixka batian ixilik egon eta, gero:

        Zer egin behar duk, esan zidan, norabait joan edo...?

        Joan? esan nion, nora joango nak?

        Lagun batek txiste bat kontatu zuen, Sakik parre egin zuen, gero zigarrilloa itzali zuen eta: Hi, nahi al duk kamionian nerekin etorri? galdetu zidan.

        Holaxe izan zen, bapatian izan zen.

        Joan? Nora? galdetu nion.

        Etzakiat, esan zidan, biaje bat hor barrena.

        Ostia, gustatu egin zitzaidan idea.

        E, esan zidan, mundua pixka bat ezagutu eta...

        Ba, ba, joango niñukek, esan nion.

        Bai? Serio? Jeiki egin zen eta: Zer nahi duk?

        Ezer ez, esan nion.

        Ezer ez? Aurpegi bat jarri zidan... Batido bat eskatu nion. Batidoa eta zerbezarekin bueltan zetorrela, beste zigarrillo bat piztu zuen eta: Marruecosera; zer iruditzen zaik?

        Begiak arrunt zabaldu nituen. Marruecos? Ostias, hi. Flipatuta gelditu nintzen. Baina nik, esan nion, hilaren zortzian hemen egon beharra zaukat.

        Zortzian? Astebetian egiten diagu hara joan eta etorri. Hamar egunian, gehienaz ere. Gainera hik arabez jakingo duk ala?

        Arabez ezer gutxi, esan nion.

        Baina frantsesez de puta madre, ala?

        Baietz, eta:

        Ederki. Pasaporterik al nuen, galdetu zidan. Eneukala eta: Astelehenian joango gaituk Donostian egitera. Orain egun batetik bestera egiten ditek.

        Eta, nik zer egin behar dut edo...?

        Hik ezer ez, esan zidan. Nerekin etorri, bazterrak ikusi, karga kargatu, eta buelta.

        Bale bale, esan nion.

        Biharamunian kafia hartzeko gelditu ginen.

        Atakan hartu genuen kafia, goian. Orduan esan zidan. Kafia edandakoan, ixil antza esan zidan: Kontu pixka batekin ibili behar diagu...

        Ni asaldatu nintzen. Zer ba? galdetu nion.

        Eztuk oso lege barrukoa...

        E, e, esan nion, ni enauk mobida zikin batian sartuko?

        Zikina eztuk, esan zidan, eta zaila ere ez, uste dudanez.

        Txokolatia al da? galdetu nion.

        Ez, esan zidan. Hi, Tximi, esan zidan: Orain esan behar diatena, bi pertsona badituk munduaren azalian jakin behar dutenak, eta ni nauk bat eta hi haiz bestia. Behera hoala, esan al diok inori? galdetu zidan.

        Momori komentatu niola, igual joango ginela.

        No problem, esan zidan. Hi bahator nerekin, hori eztuk sekretua, hortik aurrera... ahoa kremalleraz zerratzekoa egin zuen.

        Pixka bat nerbioso nengoen, baina: Hi, hi, ni tunba bat nauk, esan nion, esaten dena.

        Kopa zurrupatian hustu eta: Jendia ekarri behar diagu, esan zidan.

        Jendia, kamionian? Hura fijo fijo zegoen neri begira, nik, berriz: Eta, zertako ekarri behar diagu?

        Zertako izango duk ba? Lan egiteko hemen.

        Lan egiteko? Non?

        Hori eztuk kontua, esan zidan. Eztuk faltako non egina. Ez al dituk notiziak ikusten?

        Oso seguru ematen zuen. Pixka batian ixilik pentsatzen gelditu nintzen.

        Eta, nik zer aterako diat hortik? galdetu nion.

        Suerte pixka batekin, sei zero. Hola esan zidan. Ni numeroetarako enaiz oso ona eta, mahaiaren gainian behatzarekin zeroak elkarren ondoan jarrita entenditu nuen. Joño, numero haundia zen!

        Hala ere duda egiten nuen, Sakik ikusi zidan.

        Entzun, Tximi, esan zidan. Operazioa muturretik muturrera nola izango den oraintxe esaterik etziok, ez baita komeni, eta neronek ez baitakizkit detaile guztiak. Dakidana duk, ez dela oso zaila, eta diru polipat utziko digula. Zigarrillo bat piztu zuen, eta: Orduan? galdetu zidan.

        Nik enekien zer esan. Hala ere, esan egin nuen: Hi, joan behar bada joango gaituk.

        Hori duk hitz egitia, esan zidan. Pixka batian ixilik eta: Aurrera? berriz galdetu zidan.

        Ba ba, joango gaituk.

        De puta madre. Orain hik, esan zidan, momentuan momentuan nik esandakoa egin behar duk, besterikan ez.

 

 

 

Nik Saki kaletik ezagutzen nuen. Kale zulokoa, bera, kalezalia. Beti ibiltzen da aurrera makurtuta bezala, besoak dantzan, eta dauka muturra pixka bat okerra, askotan zigarrilloa ahoaren izkinan daramala. Dauka izugarrizko burua, beti zerbait makinatzen ari da.

        Batzuetan Ifasan deskargatzen zuen, gure etxiaren ondoan. Ni ikusi ezkero, etzen broma bat esan gabe egongo! Gustatzen zaio jendiari adarra jotzia! Eta, badaki gaiztoa ere izaten: baten bat ez bazaio begi onetik sartzen, hobia du harek apartetxo ibiltzia. Ez baitu ilerik mingainian, eztu inporta zer esaten du. Non duk marikoi ustel hori? Me caguen krixto, enteratu behar dik: Felix alperragatik, egin zuten pilota apustu batian Felixek etzaiolako pagatu.

        Ehizaren amorratua da, hari ez esan txori gaixoak eztakit zer... Behin baino gehiagotan adituta nago, Joxemiri eta esaten: Me caguen dios, nik zuek denak baino gehiago maite dizkiat animaliak, puta idearik ez duzue zuek! Ni, nola ez bainintzen erretolikan sartzen, nerekin ondo etortzen zen. Plazan nengoela atzetik etorri, zarpa lepoari erantsi eta: Tximi me caguen dios, gaur ez al duk mizpirarik ekarri! Leitzatik ekartzen nituen Txiriren motozikletan, sasoia zenian. Edo: Tximi, jaso izkidak holakoxe bota batzuk, berrogeita bikoak! Edo, Migelen etxian nengoela, berak Ifasan kamiona deskargatzen utzi eta, ni kanpoan ikusita etxe aldera inguratuz: Ze, ba al da fundamentorik edo ezta fundamentorik hemen? Ba al dago komunik edo eztago komunik? Utzidak sartzen, hainbeste putakumerekin kakagalia jarri zaidak eta.

        Egun batian Pana eta biak kotxian, Pana bolantian, ostia bat hartu zuten, Sakiri bernako hezurra hautsi zitzaion, bastante txikituta zeukan, bost edo sei aste egin zituen ohian. Orduan gurasoen etxera bisita egin nion, piku kaja bat eraman nion azokatik. Horrekin flipatu egin zuen. Hi haiz hi tipoa! esan zidan. Askotan esaten zidan hori. Beste behin: Hi personaje bat haiz, esan zidan, eta nik: Hi ere bahaiz personajia, esan nion, eta berak: Bai baina, ni komiki bateko personajia nauk, hi berriz, pelikula bat egiteko ere bahaiz. Aktore bat aipatu zuen, enaiz gogoratzen izena. Eta, handik aurrera, tabernan ikusten baninduen: Tximi, zer nahi duk? lehenengo hitza, beti. Edo, kalian ikusten baninduen, arrastan eramaten ninduen taberna zulora. Hi, birra bat neri eta honi bere brebaje horietako bat ateraiok! Nere kontra kontra jarri, zigarrilloa piztu, belarritik tira egin eta, han zegoen neska bategatik: Hori hiretzako modu modukoa duk. Joan hadi horrengana, gizon eske ziok eta. No hay cojones. Kasuiok, sabeletik oyuka ari zaik eta. Altu samarrian eta, ni beldur, neskak adituko ote zuen. Joder, ze kortia ematen zidan horrek. Baina, edozeinekin aritzen zen hola. Edozeinengana jo, ronda bat edozeini paga, herrian kuadrilla propiorik etzuen baina askoren laguna zen, etsai batzuk ere bazituen baina, bankukoez aparte. Baziren pintatuta ere ikusi nahi etzutenak. Batez ere, edaten zuenian. Izan omen zituen mobida batzuk, enoa horietaz ezer esatera, ez baitakit gauza segururik, bai?

        Kale txikian bizi zen gurasoekin orduan. Aita Leitzakoa, azken urtiak ohian eman zituena, birikak oso gaizki, ama Billabonakoa, krixton ipurdia duen bat. Bi arreba zaharragoak aspalditxo ezkonduak, bera ere ezkondu zen abenduan. Yolirekin, goiko plazaren atzian hartu zuten pisu polit bat. Beste gastu bat! Hori ere bazen.

        Diru kontuak alde batetik, bere izateko modua ere bazen. Kamionarekin beti kanpoan, gero herrira ailegatu eta, Yolik etxian egotia nahi zuen! Zen kalezaliarekin, azken aldian burua zartatu beharrian zebilen. Emakumiak banpiroak baino okerragoak zirela esaten zuen. Hi bizi haiz, hi, Tximista! esaten zidan. Edo: Hi, kaskurrio. Edo: Hi, kaskajo. Holako izenak jartzen zizkidan. Nik horiek zer diren eztakit, berari bakarrik aditu dizkiot, horiek esaten zizkidan. Erdi gabatxoa nintzela esaten zidan. Esaten nuelako yoan, Donibaneko moduan. Nik enion gaizki hartzen berari. Nola onian esaten baitzidan. Beste batzuetan frase bat esaten zuen, esaera zaharren bat edo, eta gero: Sabinok esana! esaten zuen. Eztakit hori nondik atera zuen, eztakit Sabino hori norbait izan zen edo bere idea bat. Berak beti altuan hitz egiten eta: Hi, lotsa haiz ala? Altuan hitz egintzak ba! Askotan esaten zuen hori. Edanda zegoenian: Me cago en la ley! Me cago en la tradición! Parreguria ematen zuen.

        Saki izena Kako luziak jarri behar izan zion. Sakilatik, Saki. Kasero ere deitzen diote. Baina, etzuen besteek esatia behar. Berak esaten zuen: Me caguen dios, ze astazakila naizen. Edo: Ze putakumia naizen. Bere buruaz, edozer!

        Kamiona eta etxia, etxia eta kamiona... Azken aldian, esaten dizut ba, larri larri zebilen. Gizendu ere bastante egin zuen. Behin, soziedadeko tabernan tokatu naiz eta, han ari zen: Atera, atera edateko deneri, aita izan behar dut eta. Horrekin oso kontentu zebilen. Orduan Yolik ya lau hilabeteko behar zuen. Nik Yoli eztut ezagutzen, hura etzen kalian ibiltzen, beheko aldian behintzat.

        Ni pixka bat bere mutikotzat hartzen ninduen. Nik ondo hartzen nion hori. Eraman egiten ninduela, esatia dago. Behintzat, begi onetik sartu nintzaion. Bestela, ez banintz bere begikoa pixka bat izan, etzidan esango, ezta? Etzidan esango: Etorri nerekin Marruecosera.

 

 

 

Gero, Espainian ginela, eztakit Kastilla zen edo ya zen Andaluziako partian, zergatik ni kamionian behin ilundu ezkero non ginen enekiela nenbilen, behintzat ostatu batian gelditu ginen, hori gero kontatuko dizut, eta handik ateratzian, konbertsazioa atera zen eta, legiaz beste zeozer esan zidan Sakik. Ze, nik esan nion: Joder Saki, harrapatu ezkero krixton paloa emango zigutek. Puten mobidagatik, bai? Aditu nuela egiten ari ginen hori gogor kastigatua zela. Eta berak: Hi ze haiz, jueza edo abogadua edo zerbait jende klase horretakoa? galdetu zidan. Ez, baina. Legia, legia, esan zidan. Eztiagu beti legiaren arabera jokatu behar. Soziedadiak zer behar duen begiratu behar diagu. Soziedadiak kanpoko jendia behar dik. Han etziok lanik, hemen baziok. Enpresak desiatzen zaudek kanpoko jendia ekartzeko. Eta, legez kanpo balin bada, hobe: mano obra merkia. Interes haundiak zeudela jendia legez kanpo ekartzeko. Haundiak, gero! Eta, interes horiek zituztenak legiak egiten zituztenak berak zirela, edo beraien lagunak. Horregatik, alde batera, alde genuela legia.

        Horrek komentzitu eztakit baina, benpein inpresionatu ninduen. Ikusten zen burua pixka bat ibilita zegoela. Gero izan zena izan zen eta hitzak haiziak ibili zituen, baina momentu hartan arrazoizkoa iruditu zitzaidan.

        Orain: zergatik neri esan zidan? Atakan, kafeterian ginela galdetu nion: Zergatikan neri? Bazituen eta beste lagun batzuk, zerako hartan lagundu ziotenak... Ezta hemen esatekoa.

        Hi haizelako nere tipoa, esan zidan Sakik. Banekiela frantsesez, erdi hangoak bezalakoa nintzela... ba, koloriagatik ere bazen! Jatorra nintzela... hori gustatu zitzaidan, zertako ez esan! Hitz batian, hango jendiarekin tratatzeko nere beharra zuela. Neria, edo beste batena, behintzat egin nahi zuena ezin zuen bakarrik egin, hori gero garbi ikusi zen. Gainera hik igual lagunak izango dituk han. Hori ere esan zidan. Nik egia esan nion: enuela hemen inor ezagutzen. Enintzela behin ere Marokon izan. Esan nion nere aita urrutikoa zela, mendi haundiak pasa eta haragokoa, desiertoaren ertzekoa. Tuarega al da ba? esan zidan Sakik, serio serio. Horrek grazia egin zidan. Tu es pas tuareg quandmême, esaten zidan aitak, azioren bat egiten nuenian. Hi, esan zidan Sakik, nere parria ikusiz, tuaregak eta gu... behatz erakusliak elkartuz bat bat ginela adierazi zidan. Ez, hi, serio, esan zidan: Nere laguna haizelako esaten diat hiri, orain... hik ikusiko duk.

        Horregatik etorri nintzen. Ez diruagatik. Saki nere laguna zelako. Eta, handik ateratziak inbiria pixka bat ematen zidalako ere. Mundua pixka bat ezagutziagatik, bai? Behin ere enintzelako handikan atera. Urrutiena Erriojan egondu nintzen. Dirua? Beti etortzen da ondo, baina premia larrian enintzen eta gainera, ondo pentsatuta, kilo batekin, zer egin behar nuen? Kiloa zen eta ordukoxe ustia.

        Orduan Sakik bazuen urtebete San Juan utzi zuela, orain bere kasa zebilen. Izan zen, hortxe hortxe, urtebete lehenago, huelga haundi bat, kamioneroek egin zutena. Ez omen zuten lortu eskatzen zutena eta, huelga bukatzian Sakik bakarrik ez, berarekin askok utzi omen zuten enpresa.

        Lana nahi baino gehiago zeukaten. Sakik astian gau bat egiten bazuen etxian, kontentu, eta ez ezer esan! Horregatik utzi zuen, aber bere kontuan jarrita bizimodua pixka bat mejoratzen ote zuen! Sakik etzuen esku hutsik atera behar izan, enpresarekin mobida bat izan zuen, karga bat ostu ote zuen, hori esaten zena zen, nik enion horretaz behin ere galdetu, horretaz ezer ez esan!

        San Juanek egiten omen zituen, eta oraindik ere hala egingo ditu, munduan toki batetik bestera joan etorriak, Espainia barruan ere bai. Eta, harekin eginak zituen Sakik hona etorri eta joan hamar biaje bai. Dela Fagorretik, piezak ekarrita, dela Irizarretik, horiek lantokia Rabat inguruan izan behar dute, beste behin Frantziatik ikaragarrizko trituradora bat ekarri omen zuen. Alain ez dakit zer, enpresaren izena, Tanjan ginela Sakik haren pabelloia erakutsi zidan.

        Klaro, ordura artian besteen kamionarekin ibili eta, orain, segitzez gero, bere kamion propioa erosi behar! Osabari erosi zion: hiru urte zituen Scania bat, eta gabarra, biak hamalau kiloan erosi zituen. Berrian hogeita bi balio ditu. Gero kejatzen zen: osaba zahar harek rodajia gaizki egin zuela eta motorra hilda, ustelduta zeukala.

        Bost urtian pagatu behar zuen, hilian eztakit zenbat, barbaridade bat. Gehi segurua, eztakit zer... Eta, izan balitz kamiona bakarrik! Etxia ere pagatu behar zuen! Ze, Yolik asteburuetan lan egiten zuen, jatetxe batian, baina harenak, jateko eta ematen bazuen... Me caguen dios, eztakit nola aterako garen! esaten zuen. Zorren azpian zegoen.

        Eta, hala zebilela gogoratu zitzaion egitia.

        Lehenagoko biaje haietan ez omen zuen batere trafikorik ibili. Aditu bai egin zuen, eta ikusi ere bai. Berari ere eskaini omen zioten haxixa pasatzia. Berak ordia, ikusi zuen horrek krixton arriskua zeukala.

        Halako batian Abdul delako bat ezagutu zuen. Hasi ziren bateko hau eta besteko bestia, harek negozioa proponitu zion. Eta, azkeneko joan etorrian Abdul horrek tipoen zerrenda eta pasaporteen fotokopiak pasa zizkion.

        Hori baino lehenago egun batian Frantziako mugan gauza kurioso bat gertatu zitzaion.

        Irungo gasolineran repostatzen ari zela, bi beltz inguratu omen zitzaizkion. Frantziara al zijoan, galdetu omen zioten, eta baietz. Mesedez, posible bazuen Hendaiara eramatia. Hendaiara? Berak Behobitik pasatu behar zuela. Berdin zela, beltzek. Sartu, sartu ba, esan omen zien Sakik. Krixton tantaiak omen ziren, sekulako tipoak. Atera omen dira gasolineratik eta, han aurreraxiago, Sakik ez baitzituen ikusi, beltzek bai noski: zipaioen kontrola. Beltzak makur makur eginda jarri omen dira, Saki bere artian: hauei zer galdu zaie. Zipaioak, eskuarekin: segi, segi... Pasa dira behintzat, beltzak atzera ondo jarri dira, autopistatik segitu dute. Mugan: ostia, pikoletoak. Izan behar izan zuen arratsalde hartan atentatu bat edo horrelako zerbait. Bestela muga libre izaten zen. Sakik besteei begiratu die, bestiak koloria galduta zeuden, esaten zuen Sakik, eztakit beltzek nola galtzen duten koloria baina. Larri larri behintzat. Ailegatu dira, Saki jeitsiarazi dute. Kamionaren kaja miatu, paperak eskatu, galderak egin, patati patata... Bukatu zuten. Sigan. Muga pasa zuten. Beltzak pasa pasa eginda zeuden. Zerbait egin al duzu? galdetu zioten Sakiri. Flipatuta, haiek. Nik? zer ba? Sakik. Nola eduki zaituzten... Ba, hori normala da. Putain, putain, esaten omen zuten beltzek. Jeisterakoan: paperik gabe zeudela, krixton mesedia egin ziela, eskerrik asko. Orduan larritu zen Saki. Me caguen dios, harrapatu izan banindute!

        Hori eta gero gogoratu zitzaion. Ostia, jendia nola dabilen... Eta hauek pagatzeko prest egoten dituk ba! Entzuna zuen, Marokon ikusia zuen, baina berari ez omen zitzaion gogoratu egitia.

 

 

 

Astelehenian, Donostian pasaportia egitera bere kotxian joan ginen, gero handik bagatozela ezkerra jo du, eta: Nora goaz? esan nion, eta: Patxiri bisita egingo diogu. Patxi, konejuena? nik. Bera.

        Patxiren granjara joan gara. Urnietatik gora, gero bide txar batian behera, erreka zuloan, Hernaniko partia ez ote den hori. Kotxia pagartian utzi, txabolara joan gara. Eta, han ari zen Patxi, piztiei jaten ematen. Ipurtatsak! omen ziren haiek, animali itsusi batzuk, ilaje grixekoak, lehenago haiek basoan bizi omen ziren, nik, bazirenik ere munduan halakoak! Eta, haien larruak saltzen negozio polita egiten omen zuen gure Patxi horrek! Patxi, ezaguna izango duzu, Zubeldia, bizardun potolo bat, Santa Kruzetan krixton gaupasak egiten ditu, Sakiren eta laguna.

        Gero granjan konejuak izan behar ditu, puf! omen ditu konejuak barra barra! Eta, han alde samarrian inbernadero luze batzuk ere baziren, haiek ere beriak omen ditu Patxik, han barruan ari zen, ikusten zen beste tipo bat mono urdinarekin, han omen ditu zizak, "setas del país", eta haiek ere plastikozko paketetan paratzen eta kalian saltzen omen dituzte. Kuriosoa! Behintzat enpresa txiki bat.

        Kaixo, kaixo. Ari haiz? Ba, denbora pasan. Hori pizti mordoa duana. Nahi al duk bat? Bai? Horrek labian ederra behar dik. Helduiok, helduiok. Sí, su puta madre, behatza eramateko ere. Hankan izango duk bakarren bat sobran... Hori Juanigatik esan zuen, tailerrian tornuan ari zela burni batek behatz potoloa txeatu zion eta hankako bat transplantatu zioten. Pixka batian ixilik egon ziren eta: Eta, zer duk edo...? Badituk bost minutu? Ostia, gehixiago ere izatia espero diat, bestela...

        Patxik segitu zuen piztiei jana ematen. Kaiolek goian bazuten zulo txiki bat, handikan ematen zien konpuesto klase bat, ni bazter batian gelditu nintzen, hasieran enuen aditu zertaz ari ziren.

        Gero Sakik komentatu zidan, bere asmoa zuen, eta hartaz lehenagotik ere Patxirekin hitz eginda zegoen, ba, emigrantiak, eraman behar genituen haiek, pixka batian, egun batzuk edo, Patxiren txabolan izatia. Patxi konforme zegoen, eztakit nik beren artian zer nolako tratua egina izango zuten!

        Hau guzti hau esatiagatik eztut uste problemarik izango denik orain. Ze, biek bata bestiarekin konfiantza haundia daukate. Ehiza lagunak, Sorian eta kuadrillan elkarrekin ibilitakoak dira. Eta, egun hartan, bisita egin genion hartan, jendia ekartzeko horretaz hitz egin omen zuten: jendia noiz ekarri, eta horrelakoak.

        Gero Sakik beste arreglo bat proponitu zion.

        Sakik nahi zuena zen, etortzekoa zen jende harentzako paperak egitia. Eta hartarako, orduan, hasiera batian, gauzak legez eta ondo egin nahi zituen: benetako lanak eskeintzia, benetako paperak egitia.

        Tema horretan hasi zirenian frase batzuk aditu nituen. Granjan ari ziren langileez ari ziren: hiru mutil omen zebilzkien Patxik. Bat bistaz ezagutzen dut, uste dut Urnietakoa dela. Patxi ez omen zen haiekin oso pozik, izan omen zituen haiekin problema batzuk. Hartaz Sakik: Nahi baduk, esan zion, moro pare bat hartu...

        Hemen hartu? harritu zen Patxi.

        Bolada bateko, esan zion Sakik: Hire izenian paperak eginda, haiek ekarri, hemen aldi bat egin, gero nahi balin baduk granjan eduki, bestela porkulo hartzera bidali.

        Ulertzen? Kontua zen kanpoko haientzako Patxiren enpresaren izenian paperak egitia.

        Patxiren aurpegia ikusten nuen: serio, eskuarekin bizarra lisatzen.

        Eta Sakik: Hik ba al dakik moroak Erriberan zenbat kobratzen ari diren? Hiru mila pela egunian. Hik horiek bidali eta nere horietako hiru lau hartu, alde ederra duk.

        Baina, esan zion Patxik, paperak legez eginda, gero hiru mila peseta nola pagatuko diet?

        Horiek etzakitek hemengo legeen berri, motel, horiek letzen ere etzakitek eta.

        Eta, esan zuen Patxik, gero jendia komeni ez bazait?

        Hilabeteko kontratua egingo zieagu, esan zuen Sakik, berdin hamabost egunekoa ere, hori gutxienekoa duk.

        Eta, atzera Patxik, gero edozer gertatzen bada...?

        Paperak guk egin dizkiagu, guk ekarri diagu jendia, hik eztakik ezer, eztuk batere arriskatzen.

        Hartan, ni dena aditzen eta, Patxi errezelo pixka batekin begira gelditu zitzaidan. Bistaz ezagutu behar ninduen, nik bera bezala, bera ordia, etzen noski gogoratzen! Santa Kruzetan, galtza barrenak jasota hanka erdiraino errekan sartuta zegoela, ni zubi gainian, harrien artian amuarrainen bat ikusi ote zuen, behetik gora: Ekatzak saria, moreno! hots egiten zidan.

        Eta, haren begiradaz ohartuta, Sakik: Honekin lasai, esan zion Patxiri, hau nerekin zetorrek.

        Hala ere, ni diskrezioz pixka bat apartatu nintzen eta, ipurtats bati lurrian ziren belar batzuk eman nizkion.

        Hi, hi, horiek ez eman! oihu egin zidan Patxik, eta Sakik: Tximi, Tximi, pakia emaiek xomorro gizajuei!

        Gero, berenera itzuliz:

        Hi sartzen haiz saltsetan, hi! esan zion Patxik Sakiri.

        Beti saltsaren bat, bestela bizitzak eztik graziarik eta.

        Orduan, datorren astian?

        Datorrenian edo hurrengoan, Kristok hala nahi badu!

        Patxi pentsatzen gelditu zen, momentu batez ematen zuen baietz esateko zegoela, gero berriz: Etzakiat, etzakiat, esan zuen, hartzezkero bat, kontua duk, hiru hauek abuztura bitarte kontratua dutela... Hi, bukatu zuen, oraingoz utzi egingo diagu. Hik jendia ekarri behar baduk ekarrizak, hemen direla ikusiko diagu zer egin.

        Total, garbi zegoen etzuela bere izenian ezer egin nahi. Saki etzen gehiago saiatu, ez baitzuen esan nahi zergatik nahi zuen paperak egitia, emigranteei gehio kobratu ahal izateko zen.

 

 

Oianumen bazkaldu genuen, han ginela esan zidan Sakik, pena zela Patxirena, baina bazuela ustia arratsaldian negozioa lotuko genuela. Bazekiela berak jendia non hartzen zuten oso seguru. Hernaniko almazen batian zen, enoa esatera zeinian. Ez poliziak ez dakielako, Sakik esan zuenez, baina badaezpadare, han oraindik jendia balin badago ere, kalterik ez egiteko inori.

        Orduan nik galdetu nion: Hi, zertan ari gara? Ez bainuen entenditzen zer ari ginen.

        Eta, berak esan zidan: Gauzak ondo egin behar dizkiagu, Tximi, etorri behar duten haientzako paperak egin behar dizkiagu.

        Paperak? esan nion nik, ez al dira ba legez kanpo etorri behar?

        Paperak egin edo ez egin, esan zidan, aldia berrogei mila durokoa izan zitekek.

        Alegia guk emigrante haiei kontratu bat erakutsita duda gabe askoz gehiago pagatuko zutela. Gero gerokoak, orduan lagun bakoitzeko kilo erdi pasia pentsatzen ari zen.

        Gutxienekoa zen paper haiek balio onekoak edo zaborrak izatia. Berdin faltsuak baziren ere! baina, hori hurrengo egunian aterako zen. Dena dela ere, orduan Sakik gauzak txukun eta buruan zuen bezala egin nahi zituen!

        Ondo pentsatuta zeukan. Bere asmoa zen, jendia kamionian ekarri, disimulo haundian Patxirenian aldi batez eduki, gero bakoitza bere lantokira eramatia.

        Baina, almazen hartara joatekoa baita ere zen, nahi zuelako enpresa harek, nagusi harek, egin behar genuen lanagatik komisio bat pagatzia.

        Sobre la marcha lotzen ari zen hori dena Saki. Ideak etorri bezala, neuk ikusten nuen pixka bat inprobisatzen ari zela, baina konfiantza nuen, bai? Ikusten bainuen, buru ona zeukala!

        Hala behintzat arratsaldian joan ginen almazen horretara. Kamion bat deskargatzen ari ziren, han zegoen nagusia, gauzak non jarri behar ziren, ordenak ematen. Puru bat erretzen ari zen, etzeukan halako itxura izugarririk, galtza bakeroak, koadroekiko alkandora, tipo korriente bat ematen zuen. Tripa haundia zuen eta batera bestera salto motzak eginez mugitzen zen, zirkuan pizti hezitzailia bezala.

        Jefe, minutu pare bat? esan zion Sakik, erderaz harekin.

        Zer duk hik?

        Negozio txiki batetaz hitz egiteko zela...

        Egoteko hantxe. Hala esan zigun, zakar antxa.

        Ofizinan sekretaria bat lanian ari zen, eta baziren ofizinatik kanpo manparari erantsita silla plastiko batzuk, egoteko hantxe. Bera almazen barrenera joan zen, etzen puxka batian azaldu!

        Egon ginen ordu erdiz, egon ginen ordu betez. Hartu du Sakik kafe bat, hartu du beste bat, zigarrilloak bata bestiaren atzian erretzen egon da. Halako batian Sakik sekretaria hari: Luzerako al du...? galdetu zion, eta harek: oso lanpetuta zegoela, nahi bagenuen deitu biharamunian... Sakik: han egoteko esan zigula berak, eta harek: nahi genuen bezala egiteko.

        Joan da kamion hura, furgoneta bat sartu da, handik bi ijito jeitsi dira, bata zaharra eta bestia gaztia. Haiek furgoneta deskargatzen ari direla nagusia azaldu da, lagun gutxiko aurpegi batekin, sekretariarekin zerbait aritu da, irten da, guri: Segituan nago zuekin, esan eta, ijito zaharrarekin berriz ere barrura joan da. Han atzian bulla batzuk aditu dira, atera da ijito hura haserre, mobida batzuk...

        Eta, neri bitartian kaka egiteko gogoa jarri zitzaidan. Sekretariari galdetu eta, pasilloan zela komuna esan zidan.

        Joan naiz ba, pasilloan baziren kartoizko kaja haundi batzuk alde bietara pila pila eginda, eta haien artian baziren ate batzuk, ezer etzuen jartzen eta ni komuna zein zen asmatu nahian nengoela, ate haietako bat ireki da eta neska bat atera da handik. Neska txiki bat, beltxantxa, buruan painueloa zeukana. Momentu batian begira begira gelditu zait, erdi beldurrez, erdi zerbait nahi balu bezala. Nik hari: Komuna? galdetu diot. Bera irten zen ate hura seinalatu dit eta, ezer esan gabe, arin arin izkutatu da pasilloaren bueltan.

        Gero esan zidan Sakik: atzian tailerra zegoela. Eta, kasualidadia! Gau hartan Momo ikusi nuen, esan nion non izan ginen, berak esan zidan: Safiko neska bat ari zela hantxe!

        Pasaian bizi zena, egunero egunero, jai ta aste esaten den bezala, kotxe batek hartzen omen zituen, bera eta beste hiru lau neska, denak goizeko seietarako tailerrera eraman zituzten, eta gabian hamarretan handikan eraman eta bakoitza bere etxian utzi!

        Eta, hala egiten bazuen, biajia pagatzen ari zelako zen. Hura ere ixilian joana zen. Kendu omen zioten pasaportia eta esan omen zioten, pagatutakoan pasaportia emango ziotela. Bitartian, neska gaixoak ez omen zekien diruak ze koloria zuen ere! Noski ohia eta jana ere enpresaren kontu ziren, batzuetan tailerrian gelditzen omen ziren lotara!

        Ez ondo behintzat eta, ahoa ireki ezkero: Zoaz hemendik! Paperik gabe, noski. Eta, Momok esan omen zion, joateko eta salatzeko dena, bazekiela berak non salatu ziteken, baina hura ez omen zen atrebitzen, gauzak "ondo" egin nahi zituen!

        Puruko harek eta bere lagunek negozioa ondo montatuta zeukaten. Sobrare tailerra almazenetik aparte, legez beste enpresa bat zen, han egiten omen zuten arropa josi eta konpondu: arropa erabilia, arropa falloduna. Kamionak ekarri, kamionak eraman. Eta, han ari ziren neska eta emakume haiek ez omen zeuden deklaratuta, konstrukzioan bezala, kostiak jeistiarren. Nagusiak mayorista batekin entenditu behar zuen, harek enkarguak subtratante bati pasa, eztakit ondo, holako zerbait. Langiliak bilatzen zituena beste tipo bat izan behar zuen, ustez nagusiak ezer etzekiela.

        Bueno, egun hartara itzuliz. Komunetik irten eta ofizinara joan naizenian, han barruan ikusi ditut Saki eta nagusia, honek mutur zakar zakarrarekin, parez pare hizketan. Noski kanpoan gelditu naiz ni. Egon ziren hamar bat minutu, askoz gehiago ez. Han zer aritu ziren Sakik esanda dakit.

        Sakik, halakoaren partez zijoala eta presentazioak eginda, hamabi morroi eskeini zion. Bai nagusiari gustatu ere idea. Noski paperen asuntua... hori bere abokatuarekin hitz egin behar zuela. Legia ez batere gustatzen hari ere! Ze, konparazio, esan omen zuen, egin ezkero, Sakik esaten zuen bezala, behar bezalako kontratuak, berak seguridade soziala pagatu behar zuen! Eta, gainera, paper bakoitzak, hogeita bost mila peseta!: legiak dioena.

        Dena dela, etzitzaiona batere gustatu, izan omen zen Sakik jendia ekartziagatik dirua aurreratzeko eskatu zionian. Parre egin omen zuen, Saki etzegoen jenio gozokoa handik atera zenian. Baina, potroei eutsi eta kara ona egin behar ze, bueltan hala ere negozioa seguru aski harekin lotu beharko zuen!

        Total: esku ukaldi bat, parre irudi bat eta: Kasu egidazu sin falta jendia hemen duzunian. Klaro, harentzako krixton txolloa zen.

        Sakik handik irtenda sua botzen zuen. Putakumia, eztakit zer. Joan ginen hango tabernara, bi kopa hartu zituen bata bestiaren gainian.

        Gaizki, ala? galdetu nion.

        Gaizki? Ez...

        Bapatian jeiki zen, bertatik telefono dei batzuk egin, azkenian badirudi zita bat lotu zuela hurrengo egunerako.

        Ni nere artian: a ze fundamentoa!

        Baina ni xitun!

 

 

 

Biharamunian Saki bizarra ondo eginda, txaketa eta zapatak lustria ondo emandakoak, elegantia oso, burutik behera kolonia xurrut bat bota zuela beste bat ematen zuen! Klaro, zeukan musua zeukan, horrek eztauka bueltarik, muturreko bat emanda bezalako sudurra.

        Ni ere dutxatu nintzen, esan zidalako bezperan: Tximi, bihar Donostian jende inportantiarekin gelditu gaituk eta txukun etorri! Arropa garbiak eta zapatillak ere garbitu nituen baina, orraztia atzendu neri, gero kotxia aparkatu dugunian guanteran zuen orrazi batekin pasara eman nuen!

        Joan ginen Avenida uste dut dela erdiko kale zabal horretara, izkina egiten duen kafeteria batera. Nik zumo bat eskatu nuen, berak, duda pixka bat egin zuen eta: Kokakola nik, eskatu zuen. A ze harria!

        Baziren han emakume batzuk drogeria anbulantiak ematen zutenak, arraro baino arraroagoak, bat neri begira begira, motel nik enekien nola eseri ere! Hasten bahaiz hemen karterak biltzen, esan zidan Sakik, baduk zerekin grua bat erosi! Palua emateko modukoak, baina kafeteriakoek eman zioten palua berari, gero, kobratutakoan.

        Halako batian: Hori duk, esan zidan Sakik. Bazetorren azeratik morroi bat berrogei bat urtekoa, trajia, korbata, bibote gorrixka. Abratsa, amonak esango bailuke.

        Hori hori... piatzekoa al da? galdetu nion Sakiri.

        Ixo, esan zidan Sakik.

        Etorri da tipoa, nik Sakik egin duen bezala jeiki naiz pixka bat hari eskua emateko, Sakik presentazioak egin ditu, egun on, berdin, joño, nere artian ni, benpein euskalduna da. Eskatu zuen kokakola harek ere, nik: ostia, Sakik bazakik zer non eskatu behar den.

        Noski Sakik ezagutzen zuen. Halako konfiantzarik etzuen baina, bazekiten elkarren berri pixka inondik ere. Gestoria batekoa edo garraio agentzia batekoa, eztakit zer esan zuen. Justiziarekin problemak izandu zituena, "por estafa y falsificación de documentos". Aldi bakoitzian multa txiki bat pagatuta beti ondo atera izan omen zen. Kontaktuak zeuzkana. Komeni zitzaiguna.

        Jo zuten negoziora zuzenian.

        Bagenuela kamionkada bat jende, eta aber non jarriko genituen, Sakik esan zuen.

        Hemen al dira? galdetu zuen bestiak, ez baitakit haren izenik eta ez jakitia hobe izango duk.

        Bi aste barru etorriko zirela.

        Bestiak muturra okertu zuen. Gaitz zela, esan zuen, bezperan deitu baitzioten, enpresa batian hamar lagun behar zituztela, lau hilerako.

        Eta, datorren astian...?

        Orduan behar zirela.

        Hau guztia bastante ixilik ari ziren, mahai gainian pixka bat okertuak, Saki noski beretik erretzen, ni pixka bat aparte baina, hitzik galtzen enuela nengoen!

        Eta bestiak: aber ekarri behar genituen haiek nongoak edo ze jende klase ziren.

        Gizonezkoak, Marokokoak, Sakik esan zuen.

        Muturra atzera ere okertu bestiak. Polakoak eta rusoak izan balira... esan zuen. Alde ederra zela. Behar da mano de obra bat merkatuak eskeintzen ez duena, holako zerbait esan zuen. Moroak Nafarroan eta Murtzian eta haietan jarriko genituela errexago.

        Orduan Sakik: Bueno, guk, lana izan edo ez izan, kontratuak behar genituela hamar lagunentzat.

        Ya, esan zuen bestiak. Pixka batian ixilik egon zen, atera zuen boligrafo bat, serbilleta batian garabato batzuk egiten zituen bitartian: Horretan, esan zuen, entenditu niona, egin daitekeena da, kontratu batzuk han firmatzekoak egin, eta gero Espainian direla beste kontratu batzuekin aldatzia. Bazituela harek konplikazio batzuk... etzuen gehiago esan. Eta, segitu zuen, jendia ekarri ezkero, beti zegoela zerbait egitia. Besterik ez bada kamioetan, edo konstrukzioan... emakumeentzat, berriz, beti izaten zela lana barretan.

        Nik enuen istantian harrapatu, eta: Barretan? galdetu nuen.

        Bibotedunak zeharka begiratu zidan. Sakik ere begiratu zidan, esanez bezala: Tximi, Tximi. Zer esan dut? pentsatu nuen nik. Ez bainuen entenditu, bai? Ostia, ze motxa naizen. Gero Sakik esanda entenditu nuen.

        Orduan begiak bajatu nituen. Trago batian zumoa edan nuen. Sakik kokakola trago txikitan edaten zuen. Bestiak bezala, behar zen errespetuarekin.

        Sakik esan zuen: Kontua da, guri orain bost ajola digula lana dagoen edo ez. Paperak nahi ditugu, besterik gabe.

        Bestiak: Ya. Izenak eta, ba al ditugu?

        Sakik nonbaitik pasaporteen fotokopiak atera zituen, pasaporte haietako bateko jabia etzen dagoeneko mundu honetakoa.

        Bestiak: Ikusten dut, ikusten dut. Noski kontratuak eta lan permisoak eta residentzia permisoak egingo ditugu?

        Itxura egiteko komeni zena egiteko, Sakik esan zuen.

        Komeni zela biak egitia. Esan zuen jarriko zuela emigrantiak 99ko uda baino lehenago bizi zirela Espainian, eztakit zergatik, esan zuen beste zeozer. Gero: Hamar dira, ezta?

        Hala zirela.

        Kilo erdia zela, esan zuen bibotedunak.

        Sakik irriparre egin zuen. Hori nola, hori nondik, hori pasada bat zela. Erdia, esan zuen.

        Etzela negoziablia, esan zuen bestiak. Nik haren begietan brillo bat ikusten nuen, ni nere artian: honek hemendik negozio polita.

        Eta Sakik: orain etzuela, bueltan pagatuko ziola.

        Orain behar zuela.

        Orain erdia, gero beste erdia, saiatu zen Saki.

        Erdiarekin, paperen erdia.

        Saki amorratuta zegoen, bestia begira begira, azkenian, ze erremedio! baietz esan zuen.

        Noski asko bazen ere, konpensatu egiten zuen. Sakik bitartian bere kalkuluak egin zituen, itxura pixka bat ere egiten ari zen.

        Hori asteartian zen, ostegunian, biaje eguneko bezperan, zergatik Saki kamionarekin Frantziara kargaren bila joana zen orduko, ni joan nintzen Donostiara, Amaran pasaportia hartu nuen, eguerdian tipo horrengana joan naiz, dirua eman diot, paperak eman dizkit berak.

        Gero Sakirekin ikusten egondu ginen. Ziren, paper bakarrian, "permisos de residencia y de trabajo". Laneko selloarekin, estranjeroen selloarekin ere. Paperak legezkoak ziren, eztakit nola lortuak, datuak, berriz, faltsuak: dagoeneko esistitzen etzen enpresa baterako eginak. Martuteneko garbiketa enpresa bat, registroan baja emandakoa, orain ruinetan zegoen edifizio batian egon zena.

        Handik bagoazela, esan zidan Sakik: Honek beria atera dik, berak deskalabro gutxi: gero edozer dela ere eskuak ederki garbituko dizkik. Larri ibili, gero guri emango zigutek porkulo.

        Hala ere lasaitu ederra hartu zuen. Ez genuen Patxiren kobertizoaren beharrik ere izango, emigrantiak edozein bide bazterretan utziko genituen.

        Gero joan gara kotxera, ostia, gruak eraman zigun! Me caguen...! Saki goxoa jarri zen. Eta, bagoazela deposito aldera, han zubian manifestazio bat zegoen, han ziren ertzainak, beren maskarak jarrita. Saki haiek larrutzen hasi da marmarka, gutxi egin zuen ez baitzien hitz gogorren bat esan, nik enuen ezer esaten, eta berak: Ze uste'k, esan zidan, hi tontua haizelako libratuko haizela...? Poliziak ezin zituen pinturan ikusi! Euskaldunen aldekoa baitzen. Ni ere bai, baina beste modu batian. Gogoratzen naiz behin esan zidala: Elezioetan espainolak igotzen baziren, berak euskal herritik alde egingo zuela.

 

 

© Pablo Sastre

 


www.susa-literatura.eus