Puerto de Santa Maria

 

Baldintza tamalgarriak ziren Puertokoak, inhumanoak ziren, batere exageratu gabe. Norbera gaizki egon, baina txartoago ikusten zenituen lagunak. Oso latza zen hango kontua. Norbera gaizki dagoenean ingurukoak okerrago ikustea gogorra da, eta horixe gertatzen zen han.

Lehen pare bat hilabetez egona nintzen Puerton. Carabanchelgo motinaren ondoren heldu ginenean, harrera aparta egin ziguten. Denok hormaren kontra ipini gintuzten, binaka, eskuak elkarri lotuta genituela artean, burua hormaren kontra eta oinak atzera... Pikoletoek ostikadak ematen zizkiguten, oinak atzeragotu genitzan. Ez zizuten uzten libre zenuen eskua hormaren kontra ipintzen. Azkenean, pikoletoen eskuetatik kartzeleroenetara pasa eta arakatuak izan ondoren, usategira! Isolamenduari deitzen zaio han usategia, goian baitago, bigarren solairuan. Teilatu ondoko galeria bi dira; baten azpian enfermeria dago oker ez banaiz, eta bestearen azpian dutxak. Patio txiki bat ere badago bertan, goi hartan.

Usategia, sasoi hartan behintzat, nik ezagutu dudan isolamendurik txarrena da. Ekonomatotik ezin zenuen ezer erosi, ezta tabakorik ere. Egunez ezin zinen ohean etzan edo eseri; aulki bat bazen mahaian esertzeko, baina ez zeneukan eserita egoterik. Kartzeleroa isilka ibili ohi zen galerian, ateetatik begiratzen, eserita edo etzanda harrapatzen zuenaren ateari ostikadak eta zartadak emateko. Bihotza eztarritik ateratzeko moduko sustoak ematen zizkizuten sasikume haiek.

Soinean generamanarekin atera gintuzten Carabancheldik, eta halaxe heldu ginen Puertora. Beraz, usategian ez geneukan ezer, ez aldatzeko janzkirik ez libururik ez kristorik. Deus ez. Usategiko ziegan aldizkari baten orria aurkitu nuen, eta, besterik ezean, orri huraxe irakurri nahi nik! Baina nire betaurrekoak ere Carabanchelen geratu ziren, eta ez nezakeen zipitzik irakurtzen ahal.

Usategian bazen preso sozial bat zazpi hilabete zeramatzana eta ekonomatoan erosketak egiten uzten ziotena. Hari ematen genion nahi genituen gauzen zerrenda eta dirua, eta tabakoa edo zena zelakoa erosten zigun. Patioan ezkutatuta uzten zuen tabakoa, teilatu ertzean, ahal zuen tokian, gu irtendakoan eskura genezan. Irratiak-eta, aldiz, bizitza normala egiten ari ziren lagunek uzten zizkiguten bisitetako kabinetan, eurek bisita egiten zutenean. Irratia neurtuan erabili behar zenuen, berriak entzuteko doi-doi; behin pilak ahituz gero, ez baitzeneukan besterik erosterik.

Hogeita zortzi egun egin genituen usategian. Egonaldi hura amaitzear zelarik bidali zizkiguten Carabanchelen geratu zitzaizkigun trasteak. Baina nire betaurrekoak ez ziren berehalakoan agertu! Geroago baizik, Joseba Sarrionandiaren idazmakinan sartuta.

 

Laurogei lagun inguru izango ginen Puertoko lehen moduluan, modulurik okerrenean. Kartzeleroekin erabateko enfrentamendua geneukan, tirabira amaiezina. Kartzelero batek aitortu zidan egunean bederatzi parte sartzeko agindua zeukatela. Izan zitezkeen bederatzi edo lau, baina kontua da setioa ezartzen zigutela, unez uneko jazarpena, edozer huskeriarengatik zigorrak ezarriz. Ziegako harraskan ile bat aurkitu zidatelako sartu zidaten behin partea! Eta niri bezala besteei. Hango egoera oso tentsoa zen, atsedenik gabeko jazarpena, atergabea.

Orain ere gaiztoa da Puertoko kartzela. Eskasak dira baldintzak eguneroko bizitzarako, ikasketak eta eskulanak eta horrelako ariketak egiteko. Egituraren kariaz dena da eskasa, txaboloan bakarrik zaude, eta nahi duzuna egin dezakezu, ohiko mugen barruan. Baina txabolotik kanpo, behean zaudenean, edo patioan egon behar duzu edo pasillo moduko barrunbe txiki batean... Patioan ez dago aterperik. Eta pasillo moduko barrunbe horretan pilatuta egon beharko duzu hainbeste jenderen artean, ezer egiteko lekurik gabe; guztiz itogarria eta deserosoa da, eserita irakurri, idatzi edo antzeko zerbait egiteko inolako modurik ez dago.

Bestalde, eltxoen kontua ez da txantxetakoa. Egundoko eltxotzarrak izaten dira, handiak gero! Garai hartan bertan Puerton egindako poema liburu batean ere agertzen dira marrazkiak, Eguberri amarauna liburuan. Multzoka, andanan, pareta belzterainoko eltxo mordoa izaten da han. Edozein hormatan mantxa beltz ederra ikusiko zenuen. Ez pentsa exagerazioa denik! Txaboloko leihoa zabalik geratu zitzaizulako-edo, ez zegoen lo egiterik. Eltxoen ziztada txarra bazen, gau osoan egiten zuten burrunba ez zen hobea. Goizetan edozein agertzen zen aurpegia handituta, ziztadengatik. Kartzeleroena bezain zitala zen eltxoen kontua. Esango nuke aliatu onak zirela eltxoak eta kartzeleroak.

Eta janaria? Txarra, txarra. Harrak agertzen ziren saldan! Eta demandaderotik tomatea besterik ez ziguten ekartzen, eta niri tomatea ez zitzaidan asko gustatzen. Kalean eta aske izan nintzenean, jatetxeren batera joan eta entsalada ekartzen zidatenean, tomatea jan gabe laga ohi nuen. Puerton, ordea, gustura asko jaten nituen, zer erremedio. Gosea pasatzen genuen han; mokadu goxoa zen tomatea, besterik ezean.

Haizea ere atergabea da, haize bortitza gainera. Eta haizearekin, patioan hotz galanta. Zerbait egin beharra zegoen eguna igarotzeko: ariketaren bat, eskulanak, irakurri. Nik gerrikoak egiten jarraitu nuen, Carabanchelen bezala. Haize hark hariak eta gainerakoak nahasten zizkidan, baina Txapelen laguntzarekin —Iñaki Ojeda Martinez de Butron, gero Barakaldon erail zuten gaztea— nola edo hala konpontzen nintzen hariak zuzen ipintzeko.

Zauden lekuan zaudela, egoerarik izorranteenean ere, lagunartean baldin bazaude beti aurkitzen duzu espazio kutunen bat, etsaiak zapartatu ezin dizun gunetxo bat. Horietako bat, txikitandiko nire musika zaletasunaren asegarri, kantu gregorianoa izaten zen. Gogoan dut, adiskide batzuen gregoriano saioak entzuten egoten nintzela, Anjelek eta Fernandok abestuak batik bat. Zeinen ederki kantatzen zuten! Gustura entzungo nituzke haiek berriro.

 

Larunbat goizetan kiroldegia tokatzen zaie gure moduluari eta bigarrenari. Hara goaz, beraz, laurok, eta bigarren moduluko beste lau adiskideekin elkartuko gara: Kitxu, Jokin Santxo, Raul eta Ramon. Futbolean jokatzen hasi dira preso batzuk; berehala egin dituzte taldeak, inon aurki daitezkeen internazionalenak. Talde bietan daude marokoarrak, ginearrak, nigeriarren bat, italiarrak, espainiarren bat edo beste, nafarra omen dena ere bai... Bazterreko eserlekuetan multzotuta begiratzen diegu guk zortziok, berriketan. Areto-futbolean jokatzeko ez ezik beste ariketa batzuetarako ere badira instalazioak kiroldegian, baina soberan daude guretzat, honela elkartzeko aukera daukagun bitartean behintzat.

Ordu t’erdi segituan joaten da solasean. Jokin izan ezik, gazteak iruditzen zaizkit besteak; Antxonen ondoan zer esanik ez. Antxon gazteekin ondo konpontzen dela ikusten dut. Ezin dut irudikatu herriko plazan eserita, eguzki izpi bila, jubilatu mordoskaren inguruan, penak kontatzen edo zer esanak amaituta, denbora joan zain egon ohi diren aitona aspertuen moduan. Bere izaerarekin egokiago dagoke gazteekin berriketan edo eztabaidan tabernaren batean, ikasleekin matrakan.

— Hamasei-hamazazpi urtekoen aldean, txoro eta arloteagoak dira sarritan hirurogei urtekoak, edo berrogeikoak; koldarrago eta okaztagarriago. Gazteei burugabekeria egotziz zuritzen dituzte euren miseriak —esaten du Antxonek, egungo gazteen zalapartak, politikari publikoen kontuak eta horrelako zerak mintzagai ditugunean.

Egundo ez diot entzun gazteekiko destainazko hitzik, inoiz ez "gazte txoro horiek", "oraingo gazte ergelak" eta hain arruntak diren esaldi horietarik. Alderantziz, gaztetasunak bere baitan esperientzia eza eta horren ondorioak izan arren, esango nuke miretsi egiten dituela gazteak, errespetuz begiratzen diela euren ausardiari eta kemenari. Gure gazteen egitateak adorea ematen diola dirudi.

Munduan ibilia da Antxon, baina, dioenez, ez dauka urrunera joateko gogo berezirik. Aralar aldera edo horrelako lekuren batera joan nahiko luke kartzelatik irtendakoan, bakardade apur baten bila, zaratarik ez dagoen lekuren batera. Zarataren erasoa amorragarri egiten zaio.

— Munduan eurak bakarrik baleude bezala aritzen dira batzuk beti, marmarrean eta iskanbilan, inori deseroso gerta dakiokeela pentsatu gabe.

Besteekiko ardurarik ezaz baino izorratzeko apropos aritzen direla dirudiela esaten du.

— Aralar toki aproposa izango da, inoren tentelkeriak jasan beharrik gabe denboralditxo bat igarotzeko. Borda batean hamabost egun, lasai ederrean. Ez dut gehiago eskatzen.

 

© Jokin Urain

 


www.susa-literatura.eus