Etorri da negua dio azken euskaldun aratzak
baserria herria elurra hotza pentsatzen du
bero beharra epelago norbaiten besoetan eta
ahitu zaizkio mistoak, agortu bere buruaren konpainia
haizeak hutsa dakar gauaren ateetan hoska
Ahitu zaizkio mistoak, agortu konpainia
larunbata, hotza sukaldean, otordua gertatu
ganadua gobernatu, tristeziari eutsi, pentsua eman
bizia du etsaia ez du inoiz ezagutu Joanes Artzaia
baserria hotza larunbata gaua herrian jaia
Argi gorriko etxea putak gin-kasak
mutil zaharrak ate joka damuak gerorako utziz
beso batzuen bila Fatima beltzarana arana
emakume ederra xarmanta ezagutu bakarra
«kondonik gabe hamar bestela bortz»
Leitu du kartel handia «Egiozu ihes HIES-ari»
ezezaguna zitzaiona ikasi du leitzen eri
da gaixo hilen naiz dio azken euskaldun aratzak
ez dut merezi dio bitan egindakoagatik paga
ez dut merezi isten dira aldabak
Unatua da eri baditu narruan ubeldurak ozkotzak
etorri da negua azkenez ganadoa gobernatu
pentsua eman tristeziari eutsi su egin
azken baserriari heldu, azken negarra ixuri
ganadoa gobernatu, azkenean, Azkenaren zai
datza azken euskaldun aratza
azkenik!
w1991
©
Juanjo Olasagarre