Ekarriko dizkizut
Ekarriko dizkizut, nahi baduzu,
mapamundi koloretsu eta Brian Ferryren
disko guztiak; edo Larkinen poema
ironia gordinean enlatatuak edo
panpin pixegile eta tren elektriko
pilarik gabeak; edo, hobe oraindik,
ekarriko dizkizut, nahi baduzu,
logelako atearen atzealdean zintzilikaturiko
bata eta kamisoi rasozkoak,
ganbarako giltza eta tokadoreko ispilu
hainbestetan erabilia; edo gerraurreko
tristezia letra gotikoetan idatzia, espia
baten mikrofilm zapatapean ezkutatua edo
komodako kaxoitik manikura estutxea.
Ekarriko dizkizut, nahi baduzu,
egun bakarrak eta irail itzaliak,
lagun zaharren irribarre gauetan galduak
edo zure begi ziren hitz umezurtuak.
Oro ekarriko dizut, herio txuria izan ezik,
ezen metafora horren babesean gordetzen baita
geure piztueraren zoriontasun antigualekoa,
existentzia geurea den gorputz aspaldian gozatua.
©
Karlos Linazasoro