Tintin
Idatzi genuen azken poema
haren klaraboiatik
Tintin irten zen korrika
Mallarméz mozorroturik,
Baroi Beltzaren abaila berberaz,
eta Babelgo Dorrean (han non lehen
adulterioaren historia idatzi zen)
Aaron komertziantearekin naipeetara
jokatu zuen Egiptoko piramide eta
Max Beckmanen koadro baten jaurgoa.
Paraguayn auto-stop egin zion gure
Bugatti deskapotableari, eta esan zigun,
jaso genuenean, ihesi zebilela Medellingo
pistolero batzuengandik, eta asko gustatzen
zitzaizkiola Roy Orbison eta ekaitz egunetako
perfume afrodisiakoa; eta hartua zuela,
era berean (abentura hartatik bizirik
irtetez gerotan), Volga guztia igerian
egiteko erabakia eta Pariseko putetxe
elegante batean behingoz estreinatzekoa.
w1991
©
Karlos Linazasoro