Azaro
Azaroa da honezkero zure zainetan;
euria ari duelako, hotza delako zure
irribarrea. Ez dagoelako lorerik lorategian,
niri besarkatzen zatzaizkidalako
ero moduan. Atzo, gaueko pelikula
ikusten ari ginela, esan zenidalako
gure maitasuna maitasun ezinezkoa zela,
erabakiren bat hartu beharko genuela laster.
Nik, orduan, begietara begiratu nizun.
Ez zegoen dudarik, ez zinen txantxetan ari.
Musu bat, eta argi guztiak itzali genituen.
Zenbat eta lehenago amaitu, hobe.
Segundu batzuk nahikoak izango ziren.
Gero, azken musu ikaratu bat. Aurki
iritsiko zen zure senarra.
w1990
©
Karlos Linazasoro