Azkenik aurkitu dugu gure pausoak gidatuko dituen bidea;
eta guzti horiek, hedonistatzat jo gintuzten horiek, ahozabalik
gelditu dira bataila irabaziaren aurrean, eta amorruz.
Bide hori ezilkortasuna da, bere baitan soilik lor baitaiteke
Hiriaren memorian betiko irautea; eta horixe da noski
guztion azken antsia, naturaren funts gorena.
Non dira, ordea, gure obrak? Non dira karabana erratu honen
poemak, eta liburuak, eta aztarrenak? Egin al dugu guk akaso
katedralik? Kobazuloetan bizi izan al gara inoiz?
Zer, orduan, maitea? Gelditzen al da oraindik zure ezpainetan
gure musuen errautsik? Barkatu al digu hiriak egun hartan
egin genion sabotajea? Gure asmoak handiegiak ote dira, hortaz?
Bagoaz hemendik ere. Ijito erromesen atzetik goaz berriz ere, poliki,
gure izenak pergamurik beteko ez duen nonbaitera; historiarik
idazten ez den tokira, udazkena argazkilari soil den erreinura.
Zu aspaldi galdu zintugun, ziklopeak eta hariztiak, zakurrak
eta autobusak, denbora eta ezilkortasuna aspaldi galdu
genituen bezala. Oro, gure tristura urdina izan ezik, eta oinazea.
Oinaze horretatik sortzen baita hurrengo pausoa emateko indarra.
w1990
©
Karlos Linazasoro