Atzo, itsasoz haraindiko merkatu beltzek uhin haserretuak bidali
zizkiguten, edo berdin dena, heriotzaren kresal morea.
Haiek eraman zituzten gure azken musu hondatuak eta adreiluzko
bihotzak; haiek eraman pasealekuko banku kuriosoen bakea.
Artean ez zen hirian berogailurik: jakina, udazkena zen:
gardamuz jositako zineetan oratzen genituen gorputzak, eta maitatzen.
Luzeak izaten ziren iladak eta hil egiten ginen asko eta asko limosna
hura itxaronez; baina gazteak ginen eta heriotza zen modako abestia.
Gero, urteak pasako ziren, eta taberna ziztrinak, eta errebeldiaren sasoia;
gizabanako izango ginen hilerrirako bidean, palazio perfektu baten zirriborro.
Memoriaren sotoan askatasunaren mugak gordeko genituen, eta bi hitz;
gu izango ginen historiaren marathon-gizonak, begirale eta lekukoak.
Baina ez ginen sekula Atenasera iritsiko, edo Itakara. Eta hil egingo
zen guztia, sinboloak hiltzen diren bezala. Atzo gu hil ginen bezala.
©
Karlos Linazasoro