Tabernetan prostitutek ketu egiten dute beira zauritua,

gorritu zigarroaren filtroa karminaren musuaz.

 

Eskuek errezela horiztatuak biltzen dituzte herabe ilunera

beti James Dean noiz etorriko zain bere Porsche azkarra gidatuz.

 

Ez dago bezerorik jada, ez dago baladarik belarri hauentzat.

Herioak soilik ditu begiak soineko eta perla xanpatu horientzat.

 

Poltsek hitzak ebakitzen dituzte, frantziar kosmetikoen lurrina;

«Ametsa da gainerakoa» esaten du urrezko hortzez amona pintatuak.

 

Eta aspaldiko ukabilkada eta sesioak gogoratzen dituzte, amodiozkoak;

«Beltzarana nirea da gaur gauean, kontuz esku horiekin, aizu».

 

Baina beren izenak —Maria, Rosario, Leonor— ezabatu egin dira haizean;

garaipenaren zaporea oraindik oroimenean, derrotaren diru-papera eskotean.

 

Liburuetan irakurri zuten maitasunaren berri: bera zen animaliarik prehistorikoena,

motel apartatuetan poetek izen berriak asmatzen zizkioten, beldurrez.

 

Hura guztia hilik datza orain, historiagileen pergamu zehatzen erresuman.

«Gainerakoa ahanztura da» botatzen du gramofonotik bluesak.

 

w1989

  

  

© Karlos Linazasoro

 


www.susa-literatura.eus