Ez egiteko apologiarik gure alde eskatu genion
portuko mariñel hordiari egunaren atean.
Eta eskaleek, orduan, hiriko tristeziak sortzen zuen lanbroari
eskutrapua pasatu zioten poliki, eta horren kariaz hegaldatu
egin ziren gure bihotzetako girnaldak eta sandalo loreak.
Gero patrikatik argazkiak atera genituen eta zubiei erakutsi,
eta ihesi zihoazen trenetako makinistei, zeren hauek ederki
asko ezagutzen baitzituzten bakardadearen geltoki hondatuak.
Eta zigarro ketsuen artetik esan ziguten ez gelditzeko
hiri hartan, joateko beraiekin, han ez zegoela masusta
gorririk, ez amodiozko errezetarik, apopilo-etxeetan herioa
zintzilikatzen zutela patronek kuadro gisa.
Baina apeaderoko argiek itsutu egin ziguten ikusmena, eta
soilik ikusi ahal izan genuen kalegarbitzailearen alabastro irria,
kioskoetako pornografia deslaia, burdinbideko brontze kolorea.
Hori besterik ez. Eta hiriaren zaindegian gure gorputzak gorde
eta poema bat irakurri genuen bizitzaren itxarongelan.
©
Karlos Linazasoro