Ortzadarra da orain hiriaren koroa erraldoia:
egunak hil egiten dira dinosauro zaharrak bezala.
Antxetek ibaiaren ispiluan beren estrain letrak idazten
dituzte kolorezko klarionez: «Laster etorriko zaigu itsasoa
zenbait mesederen ordaina eskatzera».
Eta irri egiten dute pasealekuko platanondo orbainduek
ezohiko ikuskizunaren aurrean, enborrak tolestu bitarte.
Txuria da hiria argi islaren azpian: irina.
Aipatu egiten dute isiltasuna loteria-saltzaile itsuek
oro lurrikara antzu edo eraikuntza baldar balitz bezala.
Usoek lau haizeetara zabaltzen dute gure oinazea
tabernari goibelen eskuetara kuartilak banatuz.
Baina ate guzti horien atzean ez dago lekurik betiko
karabana erratuarentzat. Horregatik asesinatzen ditugu
elizaurreko usoak ogi apurrak emanez.
w1989
©
Karlos Linazasoro