Apenas gogoratzen garen nola zauritzen zuen kanpandorreak
konstelazioaren tapiza, altzifreen altxor hegaldatua.
Apenas ulertzen dugun zergatik galtzen zuten ifarra erromesek
bidea poema zatiz hain dotore seinalatua egonik.
Apenas piztiek egiten diguten zauririk bihotzean,
ze gure zainak odolbildu maiestatikoak baitira arratsero.
Apenas zure losintxek mugiarazten duten gure gorputzaren duna,
gure tristeziaren zarabanda herrena.
Apenas ematen dion min elurraren garraskak udazkenaren eraztunari
eta mitxigoen egonezinari eta soroetako urreari.
Apenas konturatzen garen jada gure malkoen gaziaz lurperatzen
dugula maite izan genuen gorputz zizelatu hura.
Eta itsasertzean artizarrak tirokatu egingo gaituela
bere begien gedarraz gau mixerable batean.
©
Karlos Linazasoro