Irailak denbora zizelkatzen duen bitartean
nekazariek azken belar horituak jasotzen dituzte orgara.
Eskuareak belaze harrotuak eta leienda zaharrak orrazten ditu,
eta jainko ttikiek lur malkoak dituzte ahoan.
Matxakaranak hil egin dira sabelak odoleztaturik
eta arbolak eguberrirako apaingarririk gabe gelditu dira.
Bere zukuak mendi-muinoen ezkatak eta harkaitz bioleten
herdoilak zorabiatuko ditu, gizaldiz gizaldi egin duen legez.
Eta gu, irailaren magalean, hain beltza den elurraren
zain geldituko gara, patrikak nostalgiaz beterik.
w1989
©
Karlos Linazasoro