Gaur bakardadeak temaz zurratzen du gure bihotzetako

aldaba ttikia, eta mila zatitan hautsia dirudi denborak.

 

Udazkenaren behatokitik izar itsuak begiztatzen dira

espartzuzko tristuraren erdian nabigatuz.

 

Nabariagoa egiten da orain bailaran jainko ttikien ausentzia

zeren itzaliak baitaude intxaurrondoetako olio-lanparak.

 

Badoaz urrunerantz idizainen urrats nekatuak

azken bideska larrietatik gora, burumakur.

 

Zakurrek gurdi-gainetan belarriak tente dauzkate

ziraun traidorea azalduko balitz ere.

 

Edo ihintzaren manta hezea, zeinak oinazez blaitzen

dituen basoilarraren kantu abandonatuak.

 

w1989

  

  

© Karlos Linazasoro

 


www.susa-literatura.eus