Txalbururik ez da gelditzen putzu orbelduan
buelta eta buelta ilargiaren titiak hozkatu nahian.
Heriotzak bazkari oparoa egin ondoren, lo kuluxka bat
egiten du azken artalde goibelen tartean ezkutatua.
Bakardadeak etxadietako kristalak mila zatitan apurtzen ditu
eta hego haizeak trenbidean barrena loreak astintzen ditu bortizki.
Eta hori gutxi balitz, udazkenaren artzainek galdera urdinak
botatzen dizkigute, guk guztia jakingo bagenu bezala.
Guk ordea soilik dakigu idiak nekez ibiltzen direla maldan gora
eta gauaren parentesiak kentzen duela tristeziaren herdoila.
©
Karlos Linazasoro