gonbita

 

Zingira sargorietako kanaberaz

ta izarretatik ekarritako kontxaz,

egundoko sonajerua muntatu dizut

gure etorkizunaren aurrean

zintzilikatzeko.

 

Inoiz, gure etxera bazatoz,

musika piztuko dugu inguruko basoetan,

ta enbor heze kiskalien ke urdinaren liluran,

gustura egongo gara besterik gabe.

 

Ilunpeak argiz urratzen hasi orduko

kafesne bero bat prestatuko dizut,

egur eta laranja azal erreen usainez

goxatutako sukaldearen giroan.

 

Bidetxiorrak ikuskatzera irtengo gara gero,

laino arteko goiz zerrepelaren barrena.

 

Itzuli beharrez,

oroitzapenaren eremuetara

behartzen nauzunerako:

 

spray beltz bat erosi dizut

nire proposamen hau

zeure hiriko hormetan

argitara dezazun.

 

                   w1981

 

  

  

© Rafa Egiguren

 


www.susa-literatura.eus