Palestinar presoa

 

Palestinar preso bakartiak

         irratia darama beti aldean

Eta entzuten du, gutienez,

         hurrintasunaren arrabotsa.

Patio eguzkitsuan paseatzen da

         kuadratuan zirkuluak eginez,

Eta entzuten du,

         aideak dakarkionean,

Bere sorlekuko iturrien hotsa;

         gartzelan ez da ura

egunero bi aldiz besterik ematen

         eta presoa egarriak dago.

Egun sargorian emisora gehiago

         hatzeman ditzake

Eta bere besoetako zainak

         hantutzen dira; badirudi

odola ez zaiola gorputzean kabitzen

         eta, leherturik,

Bere zainetarik sortuko dela

         itsaso gorri bat eta

Palestinar preso bakartia

         odol itsaso horretan hondatuko dela,

Balaz eta hilez kargatuegi,

         bafora kargatuegi baten gisan.

 

w1984

 

  

  

© Joseba Sarrionandia

 


www.susa-literatura.eus