Joan Mari Irigoienen poemagintza Arestiondoko poesia existentzial-errealista batean kokatu behar litzateke, eta askotan gertatzen ohi den bezala, menturaz egun idazle gordina dugun autoreak berak «gaztetako ariketak» bezala hartuko lituzke aro hartakoak, isilaldi luze baten ostean poeta berriro azaldu izan ez baldin balitzaigu nobelagile kontsakratuaren unerik helduenean. Hain maiz ez bada ere gertatzen dira, bai, zorionez, halako ezusteko ederrak: egileak baditu, badatozkio, pairatzen ditu esan behar batzuk, barnean ezin gordeak izanagatik prosaren bidea hartu nahi ez dutenak. Orduan idazle helduak ume bihurtzeko ausardia hartzen du zenbaitetan, poesiaren bide galgarri eta askatzailean barna abiatzen da berriro, idazten ikasten hasten da. Horixe da Joan Mari Irigoienen kasua eta meritu handia. Esan genezake ia bizitza erdia eta jarduera literario aberats bat daudela poeta honen bi garai nagusien artean, baina hala ere gaztetako obsesio nagusi berdinek jarraitzen dute azpilanean baliabidez eta bizipenez hornitutako idazlerenean: haurtzaro galdua eta heriotzaren halabeharra. Aspaldiko bi gaiok, ordea, aldaera ugari eta sakonak ageri dituzte orain, hala nola denboraren joana, paradisuaren mina, espazioaren bilaketa, ahanztura... eta abstrakzio maila jasoagoan landuak ematen dizkigu. Kontrastez, meditazio metafisikoaren osagarri moduan, sentsualismoz beteriko poemetan kantatzen digu Joan Mari Irigoienek maitasuna, ontzi hauskor hori.
Literatura bakoitzak dauzka bere aro propioak, eta halako parnasianismo luze samar bat bizi dugu gure poesian aspaldion: munduari uzkur hainbeste urte egon ondoren, inon izan diren korronte interesgarrienen lorpenak ekarri nahi ditugu geurera, ez bakarrik Greziakoak, eta molde berriak saiatuaren saiatuz tradizio kultu bat ari dira eraikitzen euskal poetak, gure Antzinatasuna zor izanen diegu zenbait urteren buruan. Horietarik dugu Joan Mari Irigoien ere. Irudi eta motibo anitzetan orientalismoa esan genezakeenaren arrasto ederra eskaini zigun bere bigarren poema liburuan, eta hirugarrenean berriz poemaren formak berak ere tradizio txinatar eta japoniarra ekartzen digu, poemaren laburrak arnastu bezala egiten gaituela, gogoetari espazioa eskainiz. Horretaz gainera, forma estrofiko berri bat proposatu du, lira, perpausaren kadentzia bortxatu gabe garatzen dena bere eskuan, eder, dotore. Joan Mari Irigoien ez da bakarra joera ekialdezale honetan, baina, besteak beste, ezin egokiago erabiltzen du gure poetak molde hau bere hausnarketak islatzeko, azala eta mamia bat eginik pentsamendua kontzentratuz edo hitzen hoskidetasunak hurbiltzen dituen kontzeptu urrunduak kontrajarriz. Horrela, hegazti, harribitxi, pintura eta egoera exotikoak ekarriz eta molde berritan landuz, askatasunaren eremua sortzen du poetak, zatartasunaren eta zabarkeriaren kontzientziarik gabeko aroa, edertasuna eta ontasuna uztartzen dituen etorkizuna.
Joan Mari Irigoien (Altza, 1948) ingeniaria da ikasketez. Irakaskuntzan eta itzulpengintzan jardun izan du, eta egun literaturari emana da bete-betean euskal nobelagintzaren autore gailenetarikoa dugun hau (Babilonia, Poliedroaren hostoak, Consummatum est, Udazkenaren balkoitik, Kalamidadeen liburua). Berriki, Lur bat haratago eleberri mardula argitaratu du, estilismo erakustaldi bikaina eginik oreka harrigarrian.
© Koldo Izagirre