Larrazken gau batez (edo «the mad pride of intellectuality»)

 

Magdalenae dilectissimae meae

 

Larrazken gau bat zen izar gabea,

jarria nintzan sutondoan, hotz,

arrotz bat antzo jendartean motz

ezin garaituz gogo-herabea;

ez alegera eta goibel ez,

goganbeharrez, egin zirelako

geiak, gizonak, hil-iruditako

joiterik landa Gauak hegalez.

 

Ez zen izarrik, bainan begi zohar

lehen haur zena zegokidan so;

goganbeharrak egon ziran lo

emazte zela nendinean ohar,

hil zen pindarra zezanean pitz

ene sutoian haren soin zintzoak

—haren mihiaz (ustez) sormintzoak,

arimarenak, zegidala hitz.

 

 

Odolak berez gaduzka hargati

nahiz odolez biok garen bat,

emazte-haurra ez da niretzat

nahiz den nire izanaren zati.

Ene jorana zilegi ez zait,

amets alperra ezin aipa dirot,

bizi-nahian ez dakidan hirot

Naski ahanzten dakiket noizbait?

 

Arima-gauan argi zen ezkoa

hil du jelosez ene jakintzak,

dakialarik ene arimak

ez dugula alde otezko Jainkoa.

Bainan ahoa ezti zuen, doi

zen haren soina goi-ametsotara...

Zer nazka dudan ariz jakin-ara!

Zer hotza dudan, banaiz bihoztoi!

 

w1956

  

  

© Jon Mirande

 


www.susa-literatura.eus