Orziren ttunttuna

 

Orziren ttunttuna dabil soinutan

Ezerezaz gaindi ritmua heda.

Huna! ttunttunaren dantza-hotsetan

Ezereza uhin bilakatu da.

 

Soinu uhinetan agertu-eta

Biraldatuz doa izaiki oro

Ttunttunak jo arte dantzaren beta:

Jaio 'ta hor-izan eta igaro.

 

Hotsaren uhinek darabiltzate

Izaiki guztiak goiti behera

Lehen goizetik gaua hel arte:

Beti berdin dira, nehoiz ez dira.

 

Orzi dantzariak ttunttun-hotsetik

Ixuri daroaz suzko uhinak;

Izaiki bakoitza iragaitetik

Ikuz bitza suon bere orbanak.

 

Jainkoaren esku ezkerretikan

Sua itzali da eskumaldera,

Izaikiak oro suzko errekan

Iragaiten dira, beheiti gora.

 

Betikotz sortzen du ttunttunak uhin

Iragaitza hunek betikotz dirau;

Halatan hor izan den oro, behin

Hor date berriro, lehen zen arau.

 

Bainan ttunttun-hotsak urrena duke:

Gaua horra dator, sua erhanda.

Izanen da berriz betiko bake,

Uhinen lilura amaituren da.

 

 

w1952

Musika: Niko Etxart

  

  

© Jon Mirande

 


www.susa-literatura.eus