Krepuskularioa

 

Hiria itsasoa zela pentsatu nuen

Jendeak bere mugimenduan sortzen dituen uhinen artean

noragabe nabigatzen ikusi zintudanean.

Etxeen zohardian zauriak bezalako puntu gorri,

                                         distiratsuen artean

izar ezagunaren bila zebiltzan zure begiak.

 

Jendearen mareak bere azkarrean bultzatzen zintuen

                                                 ekaitz beltzak bezala.

Zurrunbiloak saihetsean utzita nekez egiten zenuen aurrera.

 

Itsasuntzi arina zinen, egur dardartia giza inmensidadean,

zure ile horailaren larrosak kalearen grisa zulatzen zuen gila usaintsuak bezala.

 

Gelako argi ttikia piztuta nuen gau hartan

Faro bat balitz bezala,

urrutitik ikustean untzi nekatuak arrokatan

                                   arrakala ez daitezen,

kai segurura, salbo iristeko.

 

Oraindik ez dago itzalita.

Baina aspaldi galdu du bere kolore eta brilloa.

Zenbat espero izan zaitudan ez dakizu maitea.

Askotan esaten nion neure buruari,

agian haize gaizto batek jota hondora egin du.

Eta itsasbeherak ezari-ezarian arraun apurtuak,

                                               masta zatiak

hondartzara ekartzen dituen bezala,

zure arrastoak (ile xerloa, lepoko koloreduna

                        argazki horitua, gutuna)

agertuko zirela etxeko buzoian edo ate azpitik botata.

 

Beste zenbaitetan egon naiz zure bila joateko,

hiriko uharteak miatzeko (kaleko tabernak

                                         errekorritzeko)

naufragoek horietan babesa aurkitzen dutelako.

 

Ez dut hori egin maitea.

Beldur izan naiz azkenean iritsi eta inor ez ikustean

                       alde egingo zenuela

belak zabaldurik, ur arrotzen egarria asetzera.

 

Ez dakizu zenbat espero izan zaitudan.

 

 

Galdu dut kontua, galdu oroimena.

Eta esperoaren egonezinean, egunik gabeko gauetan

portuan untziren bat lehorreratzeko prest dagoenean

edo itsas zoluak irensten duenean lehendabiziko

notizia ematen duen marinela sentitu izan naiz.

Aurpegia zaharkitua, espresiogabea, lehorra bihurtu da

leihotik begira egoteagatik, zerumugan ikusten zintudan,

edo, ez aurrera ez atzera, kale kantoiko uhin urrategian.

 

w1986

  

  

© Felipe Juaristi

 


www.susa-literatura.eus