Ordu guztien abandonu inkonszientea

nigan jabetu zen ametsak lozorrotik atera ondoren

— tristezia bibolin desafinatua da —

ozio nahigabekoaren kanpoan

usapalak bezainbesteko orduen leuntasunean

oroipenei entregatu nien neure burua

beraien usain gozoz garbi nintzaten

— nire bihotza alfabeto hautsia zen —

edo haien hondakinek nireak irents zitzaten

— nire arima eklipsearen metafora zen —

Desager nendila paisaia gazigaitzen zurrunbiloan!

nigandik memoria ere kontserba ez zedin.

Bizitza osoa dugu ahazten ikasteko

baina nahikoa dugu argitasun une bat

barrutik gauzak ikusten asmatzen dutenei erreserbatua

                                                                 bestalde

errealitatea dakusagunez mozorrotzen zaigunean

konturatzeko oroimenaren ariketagatik

garena izateari uzten diogula

eta iragan xehegabe batetako sekuentzia bihurtzen.

Iraganean bizitzea orainari irautea da.

Orain, nire memoria ere gordetzen ez denean.

 

w1984

  

  

© Felipe Juaristi

 


www.susa-literatura.eus