Gerrarekin desagertu zineten

 

Xabier Agirre —Lizardi—

Estepan Urkiaga —Lauaxeta—

Gerrarekin desagertu zineten

poeta lirikook:

Altzairuzko hiria eraiki dute,

                            Burdineta:

Tristuradi ilunezko oihana

—laino kehetsuek lotuta

presentea eta iragandako pasatua

grisak dira, eta uherrak;

are grisago eta uherragoa

                           futuroa—

izuek habitatutako kaleetan

labirintoak eratzen dituzte

                             afficheek

titiburu borobilak amesten ditudalarik

zuek esan bako berbek

errepikatzen dituzte jela poliedrikoek

oreinik gabeko basoetan

latorrizko hainbeste ordu more

                          —never more—

ihartu dira komunetako ateetan

gernua daragien garagardo horiz

gainezka idatzi ditudan hitzak

                         madarikatuak:

ene betseinek profanatzeke datzan

eme beilegiaren alua

alkoholezko kloroformoz lokarturiko klitoria

orgasmosteko txiza

zuen izkribuetan dagoeneko horitu den

esperma isuri duen zakila

—kautxozko andrakila—

atzazal urduritsuetan musu estrainioen

                        fereka

eta haruntzago erreka:

Burdineta zauritzen duen zain zoldua

 

Ez ote da nire bihotza

            —bera ere—

erloju automatikodun hilotza

lehertzear

eta musika sinkopatua

beste horrenbeste gorpu hautsiren

eztanda hotsa?

 

Zelako trintxerak bekokietan

zenbat hesi ilun

—rimmelezko arima—

begien inguruetan

zenbat muga gorri

—karminezko gorputza—

ahoetako ez

                   bai

                        netan

Burdineta    Burdineta

likenak eta goroldioak

dardararazten ez dituzten ahausiak

entelegatzen dituzte zubien arteko

hots desebakien zubiek

Izerdizko haborokinez

erakusleihoak panpina aluzinatuz

                              —eldarnioa—

bete dituzten hiria

Etsipenezko salda goria

irentsi dut torturaren eraztunetan barrena

Iratzadi primigenioetako sustraietan

urratu den lur arruntaz

buztinezko aiztoak ainitza osa

Estepan

itzalbako zaldi zurietan mendekualde

hurrinetan dostatzeko

Amaiur gaztelu guztiak Ginebraz bustiz

Ez ote da hotzagoa

Lizardi

izotzondoko eguzkia baino

orratz eztenkada zuria

 

Burdineta minaren hiriburua

ebatondo sukartua

asturuen hautsa ehota erpuruek

tristura iluna darit

orain ari naizelarik

zuokin berbetan:

Estepan Urkiaga —Lauaxeta—

Xabier Agirre —Lizardi—

Gerrarekin desagertu zineten

                       poeta lirikook.

 

 

w1988

  

  

© Omar Nabarro

 


www.susa-literatura.eus