Udaberriko bezperak
(Zatia)

               I

Udaberriko bezperetan

Arratsak

Erdi lo

Geratzen dira

Horiska meheetan etzanda

Su estrainoenak pizten dira orduan

Nerabeen bihotzetan

Eta inguratsean

Erreboltara deitzen gaituen zerbait

                                           arnasten da.

 

               II

Heroia zara

Zeure buruaren aurka

                       Oldartu

Eta

Heroinaz

Zeure larrua

Hautsi duzu

Paretaren kontra jarri zaituztenei

Maiteagoa duzula

                   Pareta

Euren fusil ahoak baino

                     Frogatzearren.

               III

Gure lehen kantuak

Azkenak izanen zuentzat

Gure lehen suek

Hotzikarak eraginen zuei

Heriok piztuko baititu

Urrezko katabutetan

Ehortziren zaituztegu

Usoez inguraturik eta

Errespetatu eginen ditugu

Zuen konputagailuen lutoak

Ez baititugu

Beste sekulan ere

                          Abiaraziko.

 

               IV

Prest ditut nire armak

    eskuetara datorkidan

                           edozer

            eta zuenganako

       gorroto infinitoa

 

w1987

  

  

© Omar Nabarro

 


www.susa-literatura.eus