Eta bidearen luzean

hodi beltzean barna

iluntasunean argi bila

izuak kokildurik, lotsaturik

nire burua erdeinatuz, gorrotatuz bizia,

hameka mila urtetan

higidura mantsoan isilik,

 

gero astiro argia ikusten hasiz

aminka sendoa nintzena sendi,

ohargabean osotasuna erdietsi nuelakoan

nindoan hegan,

baina hutsaz enpo, haizez hantua

gailur hartatik, nikeriaz asea, okitua,

zoralda ikaragarrian murgil

sasi amodioan itota

denborazko arranguratik nintzen erori,

 

eta joan eta jinean

zimurrean andere beltza nahi-ustekabean topatu,

bihotzean zimiko, begiak lauso,

amodioa izanki, deus eza,

herioaz maite mindurik, gorrotatuz

negarrez nintzen ezkondu alaiki,

eta bestea idoroz ni aurkituz, osaturik,

izan ez izanaren muga iraganez

nintzaion abiatu beste bidaia bati.

 

w1995

  

  

© Jose Angel Irigaray

 


www.susa-literatura.eus