Latzak eta nekezak dira

bizia eta herioaren arteko bideak,

mingarriak adimendun gizaki ororentzat

izadiaren berez

deplauki geldiarazi taupadak

bortizki zafratu liliak,

 

are mingarriagoak

bizibera guztientzat

giza itsumenez, ukaite egarriz

eten hatsak, eragin auhen eta intziriak,

 

lehenengo eremu eta landetan

zail eta nekez bada ere

beti daitezke lora aske eta eder biziaren zituak,

gizadiak eragin basamortuetan, aldiz,

oro ximel, kizkur gelditzen, erauzia,

 

latzak eta nekezak dira, bai,

orobat eder-itsusiak

bizia eta herioaren arteko giza-bideak.

 

w1995

  

  

© Jose Angel Irigaray

 


www.susa-literatura.eus