Euskalerriko ihauteri

burua dugu eri,

Ziripot trufalaria dager

organbidexka guztietan

itsu eta trakets

gure haragizko ametsak

bihurrituz

mutiko eta neskatikoak bere gibeletik trumilka daramatzalarik,

 

eta Miel-Otxin

behin eta berriz

dugu denok hilen,

gure akats eta bekatuak

        min eta grinak

berarekin eramanen dituelakoan,

berriz ere

oraindik ere

hil beharko dugu Miel-Otxin

                                          lapur faltsua

                                          bizi taupada ausartegia

Euskalerriko plazan

kondairazko ihauterian,

 

gero denok

garbiturik

lasaiturik

itsuturik

liluraturik

suzko Miel-Otxinen inguru-minguruan

eten gabeko mutil-dantza paregabean

sokan dantzatuko dugu

egunak gaua hausten ez duen artean,

Euskalerriko enparantzan

kondairazko ihauterian.

 

 

w1977

  

  

© Jose Angel Irigaray

 


www.susa-literatura.eus