Gaxeneko Inesa, Maria Zozaia

eta beste aunitz lamina

bada bai sorginik

eta izanen oraindik

eta liluratuko

Lamiazingo errekan kantari

ispilu, orrazi eta irri,

 

                               sorginak eta lamiak

                               hor nonbait dabiltza,

                               Zubieta-Itturengo zanpanzarren

                               joareen sabeletan

                               ezkutuan gorderik,

                               beldur baitira aspaldian

                               Pierre Lancre, Avellaneda

                               eta ondorengoei,

 

begizkoa dugu sarturik

itzala galdurik,

itzuliko oraindik

Pierre Lancre eta inkisizioko epailariak,

su eta gar

jo eta kea

sorginkeria errotik garbitzera

erretzera berriz ere hameka sorgin,

 

gaurko akelarreak hedatu dira eta

ez bakarrik Zugarramurdin,

segituko bai epaiketak

sorginkeriaz baikaude josirik,

eta oraindik ez dugu aurkitu

Axularren itzalik.

 

w1977

  

  

© Jose Angel Irigaray

 


www.susa-literatura.eus