Gaur, kaioak ez dira ibai aldera etorri

beraien erregearen hiletan baitaude.

Eta ez kaioak bakarrik

gudari garaitezinak

ezpata, ezkutu eta kaskoa

bota ditu

eta basamortuko harkaitz baten gainean

negarrez ari da, etengabe.

Panpinak,

anfetak,

ontziak kai ondoan

negarrez.

Eta

armiarmak, satorrak, xaguxarrak

gaueko pizti guztiak

negarrez.

Ez dago nahikoa mukizapi edo aterki.

Ez Etiopian ez Charlevillen,

poetak ere ez dira salbatuko.

 

w 1981 

 

© Xabier Montoia

 


www.susa-literatura.eus