Zopaz eta pistaz betetako katilukada gosaltzen dudan bitartean

Egin-ek goiz bakoitzeko torturak

zerbitzen dizkit.

Potroetan kolpeek, elektrizitate korronteek,

bideetan bortxatutako neskatilek

ez didate goragalerik ematen,

areago, behar ditut

Karlosek egunero bere heroina behar duen bezalaxe.

Eta Gasteizen

tabernak itxi dizkigute,

are okerrago, musika kendu digute.

Alkate burusoila, bere espartzuzko gurutzearekin.

Auzo-elkarteak detergentea intsentsu botatzen.

Gure aita, gure ama eta gure izeba-osabek hankatartean

hatz egiten dute, konplazituak.

Eta drogazaleek malkoak zulatu zituztela

mafiak zeruari disparatu ziola

eta gazteek Fortuna erre zutela

alegatzen dute.

Aluak, rock & rolla akabatu duzuela pentsatzen duzue?

Urrunean,

Zorroaga ondoan

etxe bat sutan dago.

Garren kolore gorria

egunsentiaren urdin gainean

nola atsegin dudan!

Monjen ikastetxean

koadrozko gonadun neskato txikiek

musu ematen diote amari

klasean sartu baino lehen.

Badirudi negua etorri dela

kamiseta jantzi behar dut.

 

w 1981 

 

© Xabier Montoia

 


www.susa-literatura.eus